Politika -
Donostian
Herriraren aurkako operazioa errefusatu dute Bilduk, EAJk eta PSEk
Donostiako Bilduk, EAJk eta PSEk testua adostu dute, nahiz eta hasieran batean sozialistek erreparoak izan. PSEk Udaleko giza eskubideen batzordea utzi du.
Erredakzioa
Donostiako Bilduk, EAJk eta PSEk Herriraren aurkako operazioa errefusatzeko testua adostu dute, nahiz eta hasieran batean sozialistek erreparoak izan. PSEk Udaleko giza eskubideen batzordea utzi du, baina ordu batzuk geroago berriz biltzea onartu du.
Operazioa "atzerapausoa" dela dio testuak. Goizean ez dira adostasun batera heldu eta purrustadak izan dira nagusi Udaleko giza eskubideen batzordean.
EAJk eta Bilduk proposamen bat eraman dute bilerara, eta ez diote PSEri negoziatzeko aukerarik eman, Ernesto Gasco bozeramaile sozialistak prentsaurrekoan azaldu duenez.
Ondorioz, PSEk giza eskubideen batzordea "behin betiko" uztea erabaki du. PPk ez du batzordean parte hartzen.
Hala ere, 14:00ak aldera alkateak talde politikoak deitu ditu saio berezi bat egiteko eta eztabaidatzeko. PSEk gonbita onartu du.
Atzerapausoa
Bilera horretan akordioa lortu dute. Euskadik bizi duen "testuinguru politikoan operazioa atzerapausoa" dela dio testuak.
"Auzia berehala ebaztea" eta atxilotuen "eskubideak ez urratzea" eskatu du batzordeak.