Politika -
Herriraren alde
Manifestazio 'erraldoia' espero dute deitzaileek
'Tantaz tanta, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde' lelopean, 17:30ean abiatuko da manifestazioa. Urdinez jantzita joateko deia egin dute antolatzaileek.
Erredakzioa
Herriraren kontrako operazioa salatu eta euskal presoen eskubideak aldarrikatu; bi helburu horiek oinarri hartuta, arratsaldeko 17:30ean abiatuko da, Bilbon, manifestazioa. 50 eragile baino gehiagok deitu dute protesta ekitaldia, tartean, sindikatuak, alderdi politikoak eta gizarte eragileak.
Iratxe Urizar Behatokiko kideak hitz egin du deitzaile guztien izenean. Manifestazio erraldoia espero dutela esan du eta herritarrei urdinez jantzita etortzeko gonbita luzatu die. Bi helburu ditu gaurko manifestazioak: batetik, Herriraren kontrako polizia operazioa salatzea, eta, bestetik, euskal presoen eskubideen aldarria kalera atera nahi dugu, kaleak bete nahi ditugu aldarri honekin", esan du.
Informatu dutenez, pankarta, Tantaz tanta, euskal preso eta iheslariek eskubideen alde lelopean, "euskal preso eta errefuxiatuen aldeko marea bat izango da", eta kultura eta gizarte arloko hogei bat kidek eramango dute.
Larunbat arratsaldeko manifestazioa Casillatik abiatuko da 17:30ean, eta 50 organizazio politiko, sindikal eta sozialetik gora organizaziok antolatu dute, besteak beste, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna, Sortu, ELA eta LAB sindikatuak, Etxerat eta Bizkaiko M15 eragileek.
Guardia Zibilak aurreko astelehenean atxilotutako 18 lagunak aske geratu dira, horietako lau 20.000 euroko fidantzapean, eta epaileak organizazioaren jarduerak bi urtez etetea agindu zuen, ETAren presoak kontrolatzeko eta batzeko tresnatzat jo baitzuen.