Politika -
Diputatuen Kongresua
EAJk eta CiUk autodeterminazioaren alde egitea espero du Amaiurrek
Koalizioak dio negoziazio bideak agortuz gero, Euskadik, Kataluniak eta Galiziak autodeterminazioa eta independentzia lortzeko "alde bakarreko bide demokratiko eta baketsuak" agortuko dituztela.
Erredakzioa
"Indar soberanista" guztiek, baita EAJk eta CiUk ere, autodeterminazio eskubideari buruzko proposamenaren aldeko botoa ematea espero du Amaiurrek. Koalizioak, ERCk eta BNGk aurkeztutako proposamenaren bozketa bihar egingo da Madrilgo Diputatuen Kongresuan.
Xabier Mikel Errekondo, Jon Iñarritu eta Rafael Larreina diputatuek prentsaurrekoa eman dute goizean Bilbon. Bertan azaldu dutenez, proposamena aurrera ateratzeko "itxaropen handirik" ez dute. Bai espero dute, ordea, biharko bozketak "Euskal Herriko eta Kataluniako gehiengoak hartutako bidea, batetik, eta Estatuak hartutakoa, bestetik," erakustea. "Gizarte ezberdinak garela erakutsiko dugu", azpimarratu du Iñarrituk.
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak "autodeterminazioaren gaiean anbiguotasunerako tokirik" ez dagoela adierazi du, EAJ aipatu gabe. "Herrialde ikuspegiarekin lan egin behar dugu, eta ez eskualde ikuspegiarekin", gaineratu du.
Iñarrituren aburuz, proposamena eta horren eztabaida "Estatuarekin elkarrizketa eta negoziazioan pauso bat dira". "Hala ere, negoziazio bideak emaitzarik gabe agortzen badira, Euskadik, Kataluniak eta Galiziak autodeterminazioa eta independentzia lortzeko alde bakarreko bide demokratiko eta baketsuak agortuko dituzte", gaineratu du. Iñarrituren aburuz, autodeterminazioaren gaia "borondate politikoarekin lotuta dago, ez ekintza juridikoekin".
Horren ildora, eta Amaiur, ERC eta BNGak proposatutakoaren arabera, Espainian sinatutako nazioarteko tratatuen bidez egin daiteke hori.