Politika -
Inkesta
ERCk hauteskundeak irabaziko lituzke, politikako eztabaidaren ostean
Generalitatearen Iritzi Ikerketa Zentroaren inkesta baten arabera, ERCk CiUk baino 3 puntu gehiago lortuko lituzke. Gainera, kataluniarren % 71 independentziaren gaineko galdeketaren alde agertu da.
Kataluniako hauteskundeak gaur egingo balira, ERCk irabaziko lituzke, CiUk baino hiru puntu gehiago lortuta, Generalitatearen Iritzi Ikerketa Zentroak (CEO) Politika Orokorreko Eztabaidaren ostean egindako inkesta baten arabera.
Halere, 800 elkarrizketa eginda ondorioztatu dutenez, Masek irabazi zuen eztabaida elkarrizketatuen % 28ren ustez (2012an, % 54,8k esan zuen hori), Oriol Junqueras ERCren presidentearen (% 16,2) aurretik; baina ERCk irabaziko lituzke hauteskundeak, bozen % 20,8 lortuta, CiUren aurretik (% 17,1).
Bestalde, kataluniarren % 71 autodeterminazioaren inguruko galdeketaren alde agertu dira, % 22,4 kontra, eta % 6,7k ez du erantzunik ematen, aipatu inkestaren arabera.
CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdien hautesleriaren gehiengo zabal batek autodeterminazioren gaineko erreferenduma nahi du, baina botoa PSCri emateko asmoa agertu dutenen % 50 baino gehiago ere horren alde agertu dira.
Horrela, PSCren aldeko boza emango luketen % 54,2 erreferendum baten alde agertu dira, eta % 41,7 kontra. Halaber, horren kontra agertu dira Ciutadans alderdiaren boto-emaileen % 65,2, eta PPko boto-emaileen % 81,8.