Politika -

Herriraren aurkako operazioa

Amalur Mendizabal kolpatu zuen ertzainari espedientea ireki diote

Agentea identifikatuta dutela agertu du Segurtasun sailburuak, eta "defentsa tresnak modu okerrean" erabili ote zituen argitu beharko dute.

Beltran de Heredia sailburua, batzordean egin duen agerraldian. EFE
Beltran de Heredia, batzordean egin duen agerraldian.
Amalur Mendizabal kolpatu zuen ertzainari espedientea ireki diote

1:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amalur Mendizabal Amaiurko senataria kolpatu zuen ertzainari diziplina-espedientea ireki dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak, Estefania Beltran de Heredia sailburuak jakinarazi duenez. "Defentsa tresnak modu desegokian" erabiltzea egotzi diote, zehaztu duenez.

EH Bilduk eskatuta, agerraldia egin du Beltran de Herediak Eusko Legebiltzarreko batzorde batean, Mendizabal bera bertan zegoela.

Herrira plataformaren kontrako polizia operazioan harira, Hernanin izandako elkarretaratzean zauritu zuten Amaiurko senataria. Buruan kolpea eman zion ertzain batek eta zortzi puntu josi behar izan zizkioten. Gertakariaren ostean, Donostiako epaitegian salaketa jarri zuen Amaiurko senatariak.

Espedientea irekita, barne ikerketari ekingo dio Segurtasun Sailak. Ikerketaren asmoa gertakariaren inguruko informazioa bildu, arrazoiak zehaztu eta ondoren, dena delako erabakia hartzea da. Orduan jakingo da agentearen kontrako zigorra ote dagoen. Izan ere, diziplina-espedientea zabaltzeak ez du gertakariari buruzko iritzia aurretik ematen, ezta zigorra ezartzen ere.

Beltran de Heredia sailburuak azaldu duenez, buru duen Sailak jazotako "argitzeko" barne protokolo guztiak abiatu zituen, eta Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak "gertakaria berehalakoan ikertzea adostu zuten".

Hala, ofiziozko eginbideak zabaldu zituzten urriaren 1ean (gertakaria jazo eta biharamunean), senataria kolpatu zuen agentea identifikatzeko. Espedientea irekitzeko "nahikoa zantzu" zeudela ulertuta, ertzain horri diziplina-espedientea ireki zioten, urriaren 3an. Agenteak "indarra modu desegokian eta defentsa tresnak modu okerrean erabili" ote zuen argitu beharko dute orain.

Barne ikerketa hau Mendizabalek Donostiako epaitegian aurkeztutako salaketaren tramitazioarekin batera egingo da.

Mendizabalen testigantza

Amalur Mendizabal senatariak egun hartan gertatutakoa azaldu ostean mintzatu da Beltran de Heredia. Amaiurko kideak bera kolpatzeko arrazoirik ez zegoela azpimarratu du, eta uneoro "lasaitasuna" eskatzen egon zela, senatari akreditazioa eskuan zuela.

Herriraren operazioaren eta atxilotuen egoeraren berri jakitera joan zen Mendizabal Hernanira, agerraldian azaldu duenez.

"Une batean, gertuko kale baten istiluak zeudela ikusi genuen, lagun talde batek txistu egin eta gelditzeko eskatu zuen. Nik lasaitasuna galdegin nuen, gure asmoa atxilotuei elkartasuna agertzea zelako. Senatari akreditazioa erakutsi nuen; ertzain bat begira geratu eta birritan kolpatzeko imintzioa egin zidan; hirugarrenean buruan jo ninduen", kontatu du.

Mendizabalen esanetan, "neurrigabeko" erasoa izan zen, justifikazio gabekoa, egoera hartan "istilurik ez zegoelako".

Senatariaren azalpenekin batera, bideo bat ikusi ahal izan dute batzordeko kideek. Grabazioan ikus daitekeenez, ertzain bat Mendizabali oldartzen zaio eta segidan buruko kolpea duela ageri da senataria.

Talde parlamentarioen iritzia

EH Bilduk ez beste taldeek Ertzaintzaren "profesionaltasuna" defendatu eta kasu honetan giza eskubideekiko errespetua ezbaian ez dagoela azpimarratu dute. EAJk espedientea albait arinen ixtea eskatu du, politikoki erabili ez dadin.

EH Bildu, berriz, oso kritiko mintzatu da. Ertzaintzak iraganean eta gaur egun ere egin dituen "giza eskubideen urraketetatik" ikasi behar duela nabarmendu du.

Alderdi Popularra eta UPyDk, bestalde, legez kanpoko elkarretaratze batean zegoela gogorarazi diote Mendizabali, eta kontzentrazio horren helburua "ez zela bakea ekartzea, atxiloketak saihestu eta protesta egitea baizik".

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea