Politika -

Auzitegi Nazionala

485 urteko espetxe zigorra Santoñako atentatuarengatik

Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarriak zigor altuena jaso dute Jose Luis Conde militarra 2008an Santoñan hiltzeagatik.

Epaiketaren une bat. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Epaiketaren une bat. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Epaiketaren une bat. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 485 urteko espetxe zigorra ezarri die "Otazua komandoko" kideei Santoñako Militarren Patronatuaren aurka bonba autoz egindako atentatuarengatik. Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Daniel Pastor dira kondenatuak.

2008ko irailaren 22an izan zen atentatua Santoñan. Jose Luis Conde militarra hil zen eta hainbat lagun zauritu ziren. Kalteak izan ziren militarren egoitzan eta inguruko etxebizitzetan.

Auzitegi Nazionalak zigor altuena ezarri du, atentatua egiterakoan "helburu zitala" izan zutelakoan. Autoak jasotzen duenez, Gipuzkoako DYAra egindako deia "leherketa gertatu baino 35 minutu lehenago" izan zen eta bertan ez zuten zehaztu zein zen bonba autoa.

100 kilo lehergai zituen ibilgailua lehertarazteko erabilitako sistemari ere aipamena egin dio testuak. Bertan jasotzen denez, erabilitako sistemaren bidez egileek segurtasunez alde egin ahal izan zuten eta leherketa gertatu zen unean kilometro askora zeuden. Leherketa gauerdian izan zen eta une horretan 26 lagun zeuden Patronatuan.

Epaimahaiaren aburuz, militarraren heriotza "krudela" izan zen eta leherketa "ikaragarria". 180 metrora eragin zituen kalteak eta errepidean 4 metroko zuloa sortu zuen.

Hiru akusatuei 30 urteko zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak hilketagatik, 20 urteko zigorra hamabi hilketa ahaleginengatik, 15 urteko zigorra hamahiru hilketa ahaleginengatik eta 20 urteko zigorra kalte handiak eragiteagatik.

Jose Luis Conderen familiari 500.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote eta 5 milioi euro baino gehiago leherketan zauritu ziren zazpi lagunei. Gainera, ezin izango dute Santoñan bizi edo bertara joan kondenak irauten duen bitartean, ezta ondorengo hamar urtetan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea