Politika -
Polizia-operazioa
Iruñean atxilotutako sei lagunak berehala aske uzteko eskatu dute
Atxilotutakoen senitarteko eta lagunek adierazi dutenez, "ez dakite ikurrina jarri zutenak beraiek diren edo ez". "Iruñeko kaleetan ikurrina jartzea ez da delitua", gaineratu dute.
Erredakzioa
Sanferminetan ikurrina jartzeagatik Iruñean eta Berriozarren atxilotu dituzten sei lagunen senitarteko eta lagunek berehala aske uzteko eskatu dute. Diotenez, "irudimenez beteriko ekintza ikusgarri eta baketsua izan zen".
"Ez dakigu ikurrina atxilotutakoek jarri zuten, baina badakigu hura jarri zutenak irudimenez beteriko ekintza ikusgarri eta baketsua egin zutela", adierazi dute. "Demokraziaren ikuspegitik onartezina da horien aurka kargurik egotea", gaineratu dute. Atxilotutakoen senitarteko eta lagunak Iruñeko udaletxeko plazan elkartu dira eta oharra irakurri dute. Hainbat herritarren babesa jaso dute.
Atxilotutako sei lagunak polizia-etxean daude, eta desordena publikoak egitea egotzi diete, ustez 2013ko txupina jaurti baino lehen ikurrin erraldoia zabaltzeagatik bertan. Ondorioz, hogei minutuz atzeratu zuten txupinaren jaurtiketa. Bihar epailearen aurrera eramango dituzte.
"Iruñeko kaleetan ikurrina jartzea ez da delitua", adierazi dute Iruñea Askatasunez plataformatik.
Nafarroako Larrialdietako Agentziako langileen batzordeak ere atxiloketak izan ditu hizpide. Atxilotutako bi, Iñigo Balbas eta Natxo Barriuso, batzordeko kide dira. Batzordearen aburuz, "adierazpen askatasunaren baitan kokatutako ekintza baketsua izan zen".
Operazio politiko eta mediatikoa
Atxilotutakoen senitarteko eta lagunen esanetan, polizia operazioa "operazio politiko eta mediatikoa" da. Atxilotuak indarrez eraman dituztela ere salatu dute "hori egiteko beharrik egon ez arren".
"Hainbat gizarte ekintzetan parte hartzen duten pertsona solidario eta konprometituak dira", gaineratu dute, eta atxiloketak "epaiketa eta atxiloketa politikoen" baitan kokatu dituzte.
"UPN ez da nor hiri honen sentipenak bere egiteko, ikurrinarekin bat egiten duen jende 'asko' bizi den hiri bateko sentipenak bere egiteko", gaineratu dute. Ikurren Legea bertan behera uzteko ere eskatu dute, "ez baitu Nafarroaren aniztasuna errespetatzen eta elkarbizitzarako oztopo baita".
Bilduko zinegotzia inputatu dute
Patricia Perales Iruñeko epaitegietan azaldu beharko da asteazken honetan. Bilduko zinegotziari desordena publikoak leporatu dizkiote, eta 2013ko txupinazoa jaurti aurretik gertatutakoagatik inputatu dute.
Perales abokatuarekin agertu beharko da 09:30ean, Nafarroako Lurralde Auzitegian, Bilduk agiri batean jakitera eman duenez.