Politika -
Euzko Etxearen mendeurrena
Jaurlaritza: 'New Yorkeko galaren aurretik ezadostasunak izan ziren'
Gidoiaren inguruan tirabirak egon zirela onartu dute, baina euskal etxearen mendeurreneko ekitaldia ospatzeko "elkar-ulertze nahikoa" lortu zutela erantsi dute.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak joan den igandean Euzko Etxea New Yorkeko euskal etxearen mendeurreneko ekitaldia egin aurretik gidoiaren inguruko tirabirak egon zirela adierazi du, baina, halaber, ekitaldia egiteko akordio "nahikoa" erdietsi zutela erantsi du. Hartara, galan "Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu duen eta lehendakaria Euskadiko ordezkari instituzional goren gisa erakusten duen ekitaldi bati dagokion errespetu instituzionala" egon zen, Jaurlaritzako ordezkarien aburuz.
Jaurlaritzatik iragarri dutenez, "gai horren inguruan egin beharreko guztia euskal kolektibitatearen jardunbideak kontuan hartuta egingo da".
Galan, ez zen giro izan, eta zenbait unetan ez zuen jai bat ematen. Ospakizunerako gidoiaren inguruko ezadostasunen ondorioz, Iñigo Urkullu buru zuen ordezkaritza ordubete berandu heldu zen jaialdira, eta Aitzol Azurtza euskal etxearen presidenteak ez zion harrerarik egin.
Itsasoaren bi aldeetako euskaldunak bildu behar zituen ospakizun batean espero zen giro atseginetik urrun, giro tirabiratsua izan zen oro har, eta tentsioa ere izan zen zenbait unetan.
Ekitaldiaren biharamunean, Urkulluk ospakizunaren eskaletarekin arazoak egon zirela aitortu zuen, baina garrantzia kendu zion ika-mikari.