Politika -
Erantzunak
Erreforma lokala aurrera ateratzeko EAJ-PP akordioa kritikatu du PSEk
EAJk "elkartasun ezarekin" jokatu duela salatu du Patxi Lopezek. Eusko Jaurlaritza, aldiz, pozik azaldu da akordioarekin, legeak "EAEko foru erregimena errespetatuko duelako".
Erredakzioa
EAJk eta PPk Kongresuan erreforma lokala aurrera ateratzeko lortu duten akordioa kritikatu du PSEk, "udalak alde batera uzten dituelako". Baina Eusko Jaurlaritza pozik agertu da, erreformak "EAEko foru erregimena errespetatuko duelako".
Jeltzaleek osoko zuzenketa atzera bota dute goizean, PPrekin bi zuzenketa adostu ostean. Antza denez, udalen sarean aldundien papera mantentzeko eta Gernikako Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoaren Legea errespetatzeko konpromisoa lortu dute bi zuzenketa horiekin.
EAJk eta PPk Madrilen lortutako akordioa "oso albiste ona" dela adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Erkoreka pozik azaldu da, legeak "EAEko foru erregimena errespetatuko duelako".
"Euskal aldundientzako eta udalentzako albiste pozgarria" dela errepikatu du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak. "PPk foru erregimena errespetatzea eta erreforma Euskadin ez aplikatzea" jeltzaleen lorpena dela defendatu du Ortuzarrek.
Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPren idazkari nagusiak Ortuzarri erantzun dio: "Gaizki azaldu dizute, erreforma Euskadin bai aplikatuko da, baina foru gaitasuna errespetatuz, Euskadiko PPk eskatu bezala".
Bestalde, sozialistek PPren eta EAJren arteko akordioa ez du ongi hartu. EAJk "elkartasun ezarekin" jokatu duela salatu du Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak, "udalak alde batera utzi dituelako PPren erreforma lokalari laguntzeko".
Ezker abertzaleak prentsaurrekoa emango du ostiral honetan, Donostian, bere iritzia plazaratzeko.