Politika -
Kontrol saioa, Legebiltzarrean
Urkulluk 'subiranotasun handiena' nahi du, baina Europaren barruan
Lehendakariaren esanetan, Euskadi "Europa" da, "eta ez dago beste alternatibarik".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadik "ahalik eta subiranotasun handiena" izatearen alde egin du, baina betiere "Europaren barruan".
Gobernuburuak Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, Jaurlaritzaren kontrolerako saioan, Borja Semper PPko bozeramailearen galdera bati erantzunez.
Hala, Urkulluk "ahalik eta subiranotasun handiena" lortzen saiatuko dela aurreratu du, baina Euskadi "Europa" dela ohartarazi du, "eta ez dago beste alternatibarik". Gainera, nazioarteko harremanen esparruan "erreferente" izan nahi dutela gaineratu du.
Semperrek EAJ "independentziaren aldekoa" dela esan du, eta Euskadi Espainiatik bereizteak "Europatik ateratzea" ekarriko duela ohartarazi du.
Kupoaren inguruko akordioa, urrun
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ez dute hurrengo urteko Kupoa adostu oraindik. Are gehiago, bi erakundeek egindako kalkuluen artean 673 milioi euroko aldea dago.
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan azaldu duenez, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak 851 milioi euroko Kupoa kalkulatu du aste honetan.
Espainiako Gobernuak, baina, 1.524 milioi eurokoa aurreikusi du, Estatuko Aurrekontu Orokorren zirriborroan. Iaz 812,15 milioi eurokoa ezarri zuen; hau da, aurten bikoitza eskatzen du Mariano Rajoyren Exekutiboak.
Erakundeen arteko desadostasuna ohikoa da, eta Kupoaren Batzorde Mistoan aztertu beharko dute.
Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak hainbat urte daramatzate Kupoa adostu gabe.