Politika -
Bake prozesua
PPren 'boikotari' entzungor ez egitea eskatu dio Sortuk EAJri
Sortuko bozeramailearen ustez, Madrileko Gobernuak "atzera" egin eta duela bi urteko egoerara bueltatu nahi du, bere "ahuleziaz" jabetu delako.
Erredakzioa
Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak EAJk bake prozesuaren aurrean duen jarrera gogor kritikatu du. Bere hitzetan, "arrazoi nahiko baditugu EAJk azken bi urteotan erakutsi duen jarrerarekin kritiko izateko. EAJri esan behar diogu ez dela nahikoa begirale papera egitea, etengabe diskrezioa eskatzea eta etengabeko inhibizioaz baliatzea, horrek ahalbidetzen diolako PPri darabilen estrategi gaizto eta zoroa horrek aurrera egitea" . ETAk jardun armatua utziko zuela iragarri zuenetik bi urte igaro diren egunean egin ditu adierazpenok ezker abertzaleko buruzagiak.
Azken bi urteotan, Sorturen arabera, garbi ikusi da "PPk eta Madrilek" bake prozesua oztopatzeko posizio politikoa hartu dutela. "Garbi ikusten ari gara badagoela nahia, ez bakarrik bake prozesuak aurrera egin egiteko, baizik eta orain dela 5-6 urteko egoerara bueltatzeko". Barrenak uste Madriletik erabiltzen den posizio politiko horrek aurrea egiteko aukerarik ez lukeela izango "baldin eta euskal herritik nahiko indar politiko aurrean jarriko balitzaio hori horrela ez izateko".
"Alderdi Popularrak prozesuari boikota egiteko duen aukera bakarra EAJk azken bi urteetan izandako jarrerari eustea da, hau da, begirale gisa egon, prozesutik erabat aldenduta", adierazi du ezker abertzaleko kideak.
Gauzak horrela, EAJri jarrera hori uzteko eta EH Bilduk subiranotasunaren alde duen estrategiarekin bat egiteko deia egin dio, "euskal bidea" delakoarekin, alegia. Estrategia horren bidez, Euskal Herrian bertan egindako politikei bultzada eman nahi diete, Estatu Espainola alde batera utzita.