Politika -

'Parot doktrina'

'Neurria emateko' eskatu diete ETAko biktimek epaileei

Estrasburgoko Auzitegiaren epaia "astakeria" juridiko eta politikoa dela adierazi du Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak.

Ángeles Pedraza eta Mari Mar Blanco Justizia eta Barne ministroekin. Argazkia: EFE
Ángeles Pedraza eta Mari Mar Blanco Justizia eta Barne ministroekin. Argazkia: EFE
Biktimen hainbat elkarteekin egin du bilera Gobernuak

0:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia aplikatzeko garaian "neurria emateko" eskatu diete terrorismoaren biktimek epaileei; izan ere, "espainiarrek ez dute preso ugari espetxetik ateratzen ikusi nahi, ez dute argazki hori ikusi nahi".

Justizia eta Barne ministroekin bildu ostean, Estrasburgoko Auzitegiaren epaia "astakeria" juridiko eta politikoa dela adierazi du Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak.

Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidenteak eta Blancok agerraldia egin dute Barne Ministerioko egoitzan. Europako Auzitegiaren erabakiaren aplikazioa kasuz kasu aztertzeko eskatu dio Blancok Gobernuari. Edonola ere, horren esanetan, ez da epai orokorra; izan ere, "preso bati bakarrik eragiten dio".

Epaia Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak abian jarritako "bake prozesuaren kostua da", Pedrazaren ustez. Doktrina bertan behera uzteko Luis Lopez Guerra (Justiziako estatu-idazkaria 2004 eta 2007 artean) magistratuaren papera erabakigarria izan dela salatu du Pedrazak.

"Parot doktrinaren indargabetzea bidaia orrian argi zegoen", salatu du AVTko presidenteak. Erresuma Batuak batzuetan egin bezala, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia ez obeditzeko eskatu dio Pedrazak Gobernuari.

"Zentzugabekeria eta hondamena"

"Giza eskubideak gehien urratu dituztenek Estrasburgoren babesa jasotzea ez dute onartzen biktimek", bi ordezkari horien esanetan. Erabakia "zentzugabekeria politiko, juridiko eta etikoa da, eta hondamena" biktimentzat, gaineratu dute.

Presoei seguruenik egingo dizkieten "ongietorri heroiko" guztien aurrean adi egongo direla ohartarazi dute Blancok eta Pedrazak, terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu ez ditzaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak doktrina parot Politika Espainiako Gobernua albisteak Presoak argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa Giza eskubideak Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur