Politika -
'Parot doktrina' baliogabetuta
Epaiaren aplikazioa kasuz kasu aztertuko du Fiskaltzak
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia "oro har" aplikatuko ez dutela esan du Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak. Kasu konkretu bakoitza aztertuko dutela erantsi du.
Erredakzioa
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina'ri buruz hartutako erabakia aplikatu ala ez kasuz kasu aztertuko du Fiskaltzak, Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak gaur azaldu duenez.
Europako Auzitegiaren ebazpenak 'Parot doktrina' zalantzan jarri duenik ukatu du Torres-Dulcek. Europako Auzitegiak araua atzeraeraginkortasunarekin aplikatzea arbuiatu du, Torres-Dulceren ahotan. Epaiak ez du marko orokor bat ezartzen, auzi bakarra ebatzi baizik, gaineratu du. Epaiak Ines del Rio Prada aske uztea eskatu du.
Kasu horretan Europako Auzitegiaren erabakia babestu du Fiskaltzak, baina auzi guztietan gauza bera gertatuko denik ez du esan nahi horrek, Torres-Dulceren hitzetan.
Ministerio Fiskalak Europako Auzitegiaren ebazpena betearazteko zailtasunik ez du jarriko, Espainiako organo juridiko batek hala erabakitzen duenean, Eduardo Torres-Dulcek azaldu duenez.
Hala ere, epaia "oro har" aplikatuko ez dutela esan du Estatuko fiskal nagusiak. Aplikatzea edo ez erabakitzeko kasu konkretu bakoitza aztertuko dutela erantsi du.
Europako Auzitegiaren ebazpena porrota ez dela adierazi du. Bestalde, "Fiskaltzak beti biktimak defendatu ditu", erantsi du, "Zuzenbidezko Estatuaren egoerarekin bateraezina ez delako".