Politika -
Jaiki Gazte eguna
Aitzina, Ipar Euskal Herriko gazte erakundea aurkeztu dute Baionan
Historian izandako zatiketak gaindituta, iritzi ezberdinak bilduko dituen nazio ikuspegiko antolakundea izango dela nabarmendu dute.
Erredakzioa
Aitzina, Ipar Euskal Herriko gazte abertzale eta ezkertiarren antolakunde berria aurkeztu dute larunbat honetan Baionan. Historian izandako zatiketak gaindituta, iritzi desberdineko gazteak bilduko dituen antolakundea izango dela nabarmendu dute.
19:00etan Aitzina gazte erakunde berriaren sorrera ekitaldia izan da, eta bertan taldearen izena, logoa eta oinarriak aurkeztu dituzte. Filipe Bidartek, Xabi Larraldek eta Ernai antolakundeko Maialen Etxeberriak hitz egin dute lehendabizi, eta segidan Koldo Etxegaraik hartu du hitza Aitzinaren izenean.
Etxegarairen esanetan, Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen topagune izango da. Antolakundearen jardunak bost zutabe izango dituela azaldu du: euskara, lurraldetasuna, gatazkaren konponbidea, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta langile borroka.
Urte hasieran abiatu zuten eraketa prozesua Ezpeletako Gazte Egunarekin. Horren ondotik, zortzi hilabeteko gogoeta eta eztabaida prozesu sakona egin dute, eta 120 pertsona inguruk parte hartu dute bertan.
Erakunde berriak ikuspegi nazionala izango du, eta Hego Euskal Herriko gazte erakundeekin harremana izango du.
Alderdi politikoei dagokionez, mugimendu berriaren erreferentzia Iparraldeko Euskal Herria Bai koalizioa izango da.
Jaiki Gazte egunaren baitan, goiz goizetik hasi da jaia Baionan. Goizean nazioarteko hainbat ordezkariren parte hartzearekin krisi ekonomikoari buruzko konferentzia egin dute, eta 90 gazte inguru elkartu dira.
Segidan, bertso bazkaria izan dute Odei Barroso, Amets Arzallus eta Maddi Sarasua bertsolariekin.
Arratsaldean gazte olinpiadak egin dituzte, eta Bi-zio, Berri Txarrak edota Jim Marple Memoriak taldeen eta DJ Pone disko jartzailearen musikak emango diote amaiera egunari.