Politika -
Mozioa
Iruñeko Udalak Ines del Rio gaitzetsi du UPNren eta PPNren botoekin
Gutxiengoan egon arren UPNren eta PPNren botoak nahikoa izan dira Ines del Rioren aurkako "gaitzespen" mozioa aurrera ateratzeko, gainerako taldeak abstenitu direlako.
Erredakzioa
Gutxiengoan egon arren UPNren eta PPNren botoak nahikoa izan dira gaur, Iruñeko Udalean, Ines del Rioren "curriculum ankerraren" aurkako "gaitzespen" mozioa aurrera ateratzeko; izan ere, gainerako taldeak abstenitu dira. Estrasburgok 'Parot doktrina' indargabetu ostean presoa kartzelatik atera zen.
PSNk UPNren mozioa ordezkatzea proposatu du, baina baztertu egin dute. Terrorismoa gaitzesteko eta ebazpen judizialak errespetatzeko mozioa nahi zuten sozialistek. "Hiltzaile honen biktima guztiei eta terrorismoaren biktima orori erabateko elkartasuna" adierazi die mozioak.
Ines del Rio Tafallako presoari ezarritako 3.828 urteko espetxe-zigorra gogorarazi du testuak; izan ere, 24 hilketagatik zigortu zuten. Del Rio aske uztea "terrorismoaren biktima guztientzako eta gizartearentzako porrota eta iraina" izan da, mozioaren arabera. Espetxetik atera eta gero Iruñeara etorri dela azpimarratu du mozioak, "hiriko izena gertakari anker horiekin lotuz".
"Tristura eta atsekabea", adierazi dute mozioan. Bestalde, Justiziaren erabakienganako "errespetua" baieztatu du UPNk, baina "kasu honetan ados" ez daudela argi dago, "24 edo pertsona bakarra akabatzea berdina ez delako".