Politika -

Gipuzkoa

Aldundiak hilabete batzuk barru hartuko du Igeldoren inguruko erabakia

Gobernu Kontseiluak hartuko du erabakia, eta ez du BBNNen oniritzia behar. EAJ Igeldoren estatusa aldatzeko prest agertu da, baina Donostiatik atera gabe, eta PSEk deszentralizazioa babestu du.

Aldundiak hilabete batzuk barru hartuko du Igeldoren inguruko erabakia. Argazkia: EiTB
Aldundiak hilabete batzuk barru hartuko du Igeldoren inguruko erabakia.
Gipuzkoako Aldundiak Igeldoko kontsultaren emaitza aintzat hartuko du

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Aldundiak Igeldon egindako kontsultaren emaitzak aztertuko ditu eta "hilabete batzuk barru" Gobernu Kontseiluaren erabakia etorriko da, eta berak izango du azken hitza, ez baitu Batzar Nagusien oniritzia beharko.

Garbi Errekondo Gipuzkoako Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatuak prentsaurreko batean azpimarratu duenez, Igeldoko herritarrek atzo egin zuten kontsulta "demokrazia zuzenaren" adibide da.

Azaldu duenez, botoa eman zuten 883 pertsonatik 391 (% 61,38) Donostiatik bereiztearen alde agertu ziren, eta 234 (% 36,73), kontra.

Diputatuak parte-hartze maila altua (% 72,1) azpimarratu du, "1999an izandako kontsultan baino lau puntu altuagoa" izan delako, eta horrek bozketak bizilagunen artean "sinesgarritasun osoa" zuela agerian uzten duelako. "Gaiaren inguruan izan den nahasmen mediatiko, judizial eta politikoa" ez dela herritarrengana iritsi uste du Errekondok.

Hemendik aurrera, Aldundiak kontsultaren txostena aztertuko du eta Gobernu Kontseilua izango da "hilabete batzuk barru" erabakia hartuko duena. Errekondoren arabera, "epe finkorik ez dagoen prozedura irekia da hori".

Hala ere, PSEren, PPren eta EAJren botoekin Donostiako Udalak Igeldo Donostiatik bereiztearen kontra irekitako bide judizialak ere bere bidea egingo duela aitortu du.

Oposizioaren erreakzioa

Donostiako Udaleko EAJk Igeldori, Donostiatik atera gabe, izaera berezia ematearen alde agertu da, sozialistak deszentralizazioaren alde lan egiteko prest agertu dira, eta Garitanok eta Izagirrek "Donostia nahaspila batean" sartu dutela iritzi dio PPk.

Eneko Goia EAJren bozeramaileak azaldu duenez, Igeldoko kontsultak agerian uzten du "Udalak hartu behar duela ekimena, auzoak, nahiz eta izaera berezia eman, Donostiaren zati bat izaten jarrai dezan elkarrizketak abiatzeko".

Bestalde, Ernesto Gasco PSE-EEren bozeramaileak Zerbitzu Orokorren Batzordean azaldu duenez, kontsultaren emaitzak ikusita, "arduraz jokatzea" eta "deszentralizazioaren testuinguruan" lan egitea dagokie agintariei.

Ramon Gomez Ugalde PPren ordezkariak, berriz, goitik behera kritikatu du kontsulta egin izana, eta Martin Garitano ahaldun nagusiari eta Juan Karlos Izagirre alkateari "Igeldoko herritarrei bete ezin diren espektatibak sortzea" leporatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Donostia albisteak Alderdi politikoak bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia