Politika -

Lehendakariaren erantzuna

Esandakoa argitzeko eskatu dio Urkulluk Arraizi

"ETAren eta iraganean indarkeria justifikatu ere egin zuen erakunde politikoaren autokritika egiteko" eskatu dio Sorturi lehendakariak.

Iñigo Urkullu
Iñigo Urkullu
Urkullu: 'Kontuz ibili behar dugu zer esaten dugun eta nola'

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Hasier Arraizek egindako adierazpenak "argitzeko eta azaltzeko" eskatu dio gaur Sorturi. Era berean, "euskal gizarteari zor dion" autokritika egiteko deia egin dio ezker abertzaleari.

Atzo, Maribi Ugarteburuk zehatz-mehatz irakurri zituen Arraizen adierazpenak kazetarien aurrean. Hau da, hain zuzen ere, Ugarteburuk irakurri duenaren transkripzioa:

"Ezker abertzaleak orain 35 urte gaur egun egokitzat daukagun aukera egin zuen. Ez genuen parte hartu demokratikotik ezer gutxi zuen joko batean, eta denbora guzti honetan, ustez demokratikoa den joko horren kontraesanak mahai gainean jartzen aritu gara. Oso garesti ordaindu dugu, eta ez gaude prest orduko ezer berrikusteko edo errefusatzeko. Gure akats guztiak aldarrikatzen ditugu, izan ginena eta garena, eta egin duguna eta egiten duguna.

Egia da bataila hau (kontaketa historikoa) hor dagoela, eta horrek, gehiago edo gutxiago gustatu, iraganeko agertokietara sartzera behartzen gaitu. Argi dago bertan ez dagoela inor erantzukizunetatik aske; gatazka honetan inor ez da izan ikusle, eta mundu guztiak hartu du parte. Denok sufriarazi dugu eta denok sufritu dugu. Guk ez daukagu inongo arazorik gure erantzukizunak aitortzeko; beti egin dugu eta horrek ondratu egiten gaitu".

Urkulluren erantzuna

Adierazpen horien harira kritikak jaso ostean, bere hitzak gaizki ulertu zirela argitu zuen atzo Arraizek, eta Urkulluk honela erantzun du: "Hasier Arraizen hitzak entzun ditut, eta bere planteamenduak errespetatzeko eskatu zuen honek. Dena den, ez dakit zeintzuk diren planteamendu horiek; azalpenak behar ditut, hau da, ustezko gaizki-ulertuaren gaineko azalpenak nahi ditut".

Euskaltzaindia bisitatu ostean Bilbon egindako adierazpenetan, lehendakariak argi utzi du "bizikidetzaren aldeko lanak iraganaren gaineko autokritika egitea eskatzen duela". Baina, batez ere, ETAren aldetik eskatu du autokritika hori, "baita iraganean indarkeria justifikatu ere egin zuen alderdi politikoaren partetik ere". Hortaz, autokritikaren gai honetan, ezker abertzaleak erantzukizun garrantzitsua daukala, eta, beraz, euskal gizarteari azalpenak zor dizkiola gaineratu du.

Bukatzeko, bake prozesuari eta bizikidetzari buruz hitz egiteko orduan kontuz ibiltzeko gomendatu du Urkulluk.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea