Politika -
Elkarrizketa
Zerbitzu minimoak 'betearazteko' legea iragarri du Rajoyk
Legealdia bukatu arte Gobernua berritzeko asmorik ez daukala eta BEZa ez duela berriro igoko adierazi du. Jose Maria Aznar presidente ohiarekin erlazio “bikaina” daukala gaineratu du.
Erredakzioa
Legealdia bukatu arte Gobernua berritzeko asmorik ez daukala azpimarratu du gaur Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Horrez gain, RNEri eskainitako elkarrizketan esan du ez duela berriro BEZa igoko eta Jose Maria Aznar presidente ohiarekin erlazio “bikaina” daukala.
Bestalde, zerbitzu minimoak betearazteko lege berri bat iragarri du Rajoyk. Greba egiteko eskubidea eta herritarren errespetua bateratuko dituen legea izango dela azaldu du, eta dagoeneko Enplegu Ministerioari araua prestatzeko eskatu diola gaineratu du. “Zerbitzu minimoak betearazteko lege baten aldekoa naiz”. Ana Botellari buruz, Madrilgo alkate “bikaina” dela azpimarratu du.
Elkarrizketan, Gobernuak eta ministroek “lan gogorra” egin dutela azpimarratu du. “Oso ausartak izan dira, eta eskerrak eman behar dizkiet”. Europako hauteskundeei begira, ministroren bat PPko zerrendetan joatekotan Gobernuaren baitan “aldaketaren bat” egin beharko duela onartu du baina, oraingoz, bere horretan mantenduko duela esan du.
BEZa ez duela berriro igoko agindu du Rajoyk, ezta 2015. urtean ere. Legealdian zehar murrizketa gehiago egin beharko dituela adierazi du, baina ez dira azken bi urtekoak bezain “garrantzitsuak” izango, bere hitzetan.
Aznarrekin “harreman txarra” izatea arbuiatu du Rajoyk, nahiz eta “hortik zurrumurru bat izan”. “Aznarrekin harreman bikaina daukat eta, etorkizunean ere, hala izango dela uste dut. Hortik aurrera, zurrumurruek jarraitu egingo dute, baina Aznarrekin dudan harremana bikaina da”.