Politika -

Zerbitzu minimoen legea

ELA: 'Greba kriminalizatzeko pauso bat gehiago da legea'

Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiaren aburuz, "Rajoyren iragarpena desegokia da".

ELA sindikatuko Joseba Villarreal. Artxiboko irudia
Joseba Villarreal
ELA sindikatuko Joseba Villarreal. Artxiboko irudia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuek Mariano Rajoyk Zerbitzu Minimoen Legea sortzeko egindako iragarpena kritikatu dute. ELA, CCOO eta UGT Rajoyren asmoen aurka agertu dira.

ELA euskal sindikatuaren aburuz, greba "kriminalizatzeko" pauso bat gehiago da legea. Joseba Villarreal Hitzarmen Kolektiboetako arduradunak adierazi duenez, "legea pauso bat gehiago da eskubideak eta langileen bermeak gutxitzeko bidean. Greba eskubidea bermatzen dela esanaz, greba eskubide hori efekturik gabe utzi nahi da".

"Langileok ditugun eskubide bakoitzaren suntsiketarako bidea da", azpimarratu du.

"Zer lortu nahi duen ikusi beharra dago, txarra, okerragagoa edo askoz ere okerragoa izan baitaiteke", gaineratu du. Rajoyk Madrilgo garbiketan gertatu den gatazka "patronalaren aldarrikazio bat bere egiteko" erabiltzea salatu du Villarrealek.

Proposamen desegokia

Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak, bestalde, Rajoyren proposamena "desegokia" dela adierazi du.

Ohar batean, Toxok Mariano Rajoyk "beroaldietan legeak egitea" salatu du eta zalantzan jarri du sindikatuekin akordioak lortzeko aukera. Idazkari nagusiaren aburuz "ezin daiteke gatazka baten beroaldian eta PPko arlo kontserbadoreenen eskutik aritu". "Ez da akordioak bilatzeko bide egokiena", gaineratu du. Sindikatuak zerbitzu minimoen inguruan "hotzean" hitz egiteko prest agertu direla gogoratu du.

Adierazpen "harrigarriak"

UGT sindikatuak ere hizpide izan du Mariano Rajoyk egindako iragarpena eta "harrigarritzat" jo du. Oinarrizko eskubidean edozein arauketa aurrera eraman ahal izateko sindikatuen parte hartzea derrigorrezkoa izango dela esan du, horrelako araua ezartzea "antidemokratikoa izateaz gain, ez bailitzateke eraginkorra izango gizartean".

Lan-erreforman Gobernuak izandako jarrera ez errepikatzea espero du sindikatuak eta legeak "beroan" aurkeztea "desegokitzat" jo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea