Politika -

Sevilla II espetxea

Presoen egoera salatzeko eskatu dio Etxeratek Eusko Legebiltzarrari

Sevilla II kartzelan zigorra betetzen ari diren 13 presok bizi duten "bakartze eta jazarpen egoera" salatzeko eskatu dio presoen senideen elkarteak Gasteizko Ganberari.

Sevilla II espetxea.
Sevilla II espetxea
Sevilla II espetxea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sevilla II kartzelan zigorra betetzen ari diren 13 presok bizi duten "bakartze eta jazarpen egoera" salatzeko eskatu dio gaur Etxerat presoen senideen elkarteak Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen Batzordeari. Preso horietako batzuek 29 egun daramatzate gose greban.

EH Bilduk Etxerateko ordezkarien agerraldia eskatu zuen. Koalizio abertzaleak eta EAJk presoen eskubideak errespetatzea eskatu dute. PSE-EEk eta PPk Etxeraten eskaerari entzungor egin diote.

Sevilla II espetxean dauden presoen egoera salatu du Nagore Lopez de Luzuriaga Etxerateko kideak. Lopez de Luzuriagaren hitzetan, presoak zigorra bakartuta betetzen ari dira, nahiz eta espetxe erregimenak preso bat bakartuta izateko gehienez ere 14 eguneko muga ezarri. Neurri hori "tortura metodo bat" dela diote nazioarteko erakundeek.

ETAk su-etena iragarri zuenetik, egoerak okerrera egin duela ziurtatu du Lopez de Luzuriagak, eta "mendeku logika horrek bakeari ez dio laguntzen", erantsi du.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak

Bestalde, PSE-EE, EAJ et EH Bildu alderdiek mozio bat onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Sevilla II kartzelan gose greban dauden ETAko presoen eskubideak errespeta daitezen eskatzeko.

Bilduk eta Aralarrek Gipuzkoako Parlamentuko Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Batzordean aurkeztu zuten proposamena. Puntu bakarra biltzen da bertan, eta ez dira ETAko presoak modu zuzenean aipatzen.

Ebazpenak dioenez, "Batzar Nagusiek Sevilla II kartzelako zuzendaritzari giza eskubide guztiak errespetatzeko deia egiten diote".

Testu horrek PSE-EE, EAJ, EH Bildu eta Aralar alderdien aldeko botoak jaso ditu, eta PPk ezezkoa eman dio.

Sevilla II espetxean, ETAko sei presok 29 egun daramatzate gose greban, Etxeraten arabera, kartzelan pairatzen dituzten "muturreko bizi baldintzak, isolamendua eta jazarpena" salatzeko.

Elkarte horrek jakinarazi duenez, Asier Arzalluz presoak gose greba utzi egin du gaur, "osasun arazoak" direla eta.

Sozialistek EH Bildu eta Aralar alderdien proposamena defendatu dute, giza eskubideak babesten dituzten ebazpen guztiak onartuko dituztela esanez.

EH Bildu pozik agertu da proposamena onartu dutela ikusita. Datozen egunetan, Lohitzune Txarola (EH Bildu) Batzar Nagusietako presidentea eta Rafaela Romero (PSE-EE) Giza Eskubideen Batzordeko presidentea Angel Yusterekin -Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusia- eta Sevilla II espetxeko zuzendaritzarekin harremanetan jarriko direla jakinarazi du alderdiak, "ebazpenaren berri eman eta eskubideak urratzeari uztea eskatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea