Politika -
Erreportajea
ETAren sei biktimen ahotsak, jarduera armatua amaitu eta bi urtera
Rosa Rodero, Josu Puelles, Antonio Salva, Mari Carmen Hernandez, Eulalia Lluch eta Maria Pilar Linto biktimen testigantzak jaso ditu ETB2ko '60 minutos' saioak.
I. G. / E.A. | EITB.COM
ETAk jarduera armatua bertan behera utzi duela iragarri eta bi urtera, ETAren sei biktimarekin izan da ETB-2ko '60 minutos' saioa. Rosa Rodero, Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna; Josu Puelles, Eduardo Puelles polizia nazionalaren anaia; Antonio Salva, Diego Salva guardia zibilaren aita; Mari Carmen Hernandez, Jesus Mari Pedrosa PPko zinegotziaren alarguna; Eulalia Lluch, Ernest Lluch Osasun ministro zenaren alaba; eta Maria Pilar Linto, Juan Sanchez argiketariaren alarguna. Horien guztien testigantzak jaso ditu saioak.
Josu Puellesek euskal gizarteak ETAren indarkeriaren aurrean izandako jarrera kritikatu eta herritarrak ''albora begira'' egon direla esan du. ''Euskal gizarteak jarrera axolagabea eta koldarra izan du azken urteetan'', gaineratu du. Jarduera armatuaren amaieraren aurrean, ETAk egiten duenaren inguruan interesik ez daukala nabarmendu du. ''Berdin zait. Ez dit axola zer egiten duten, hilketa berririk egin nahi badute ere. Horrek ez ninduke harrituko''.
Juan Sanchez argiketariaren alarguna da Maria Pilar Linto, eta zauriak ''inoiz'' ixten ez direla eta bere senarraren hilketa barkatzen ez duela azpimarratu du. "Barkatu dezaketenak hilda daude. Nik ezin dut barkatu; oso gaizki sentituko nintzateke, traizioa egingo banu bezala'', gaineratu du. Bere senarrari ''euskaldunen eta langileen kontra'' egotea leporatu ziotela gogoratu du alargunak, eta erabat baztertu du ideia hori. Halaber, ''zenbait biktima gehienetan ia ezertarako aintzat hartzen'' ez dituztela adierazi du. ''Lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daude; ni beti egon naiz itzalean eta horrela jarraituko dut'', gaineratu du.
Ernest Lluch Osasun ministro ohiaren alabak azpimarratu duenez, bere aitak Euskal Herriko errealitatea ezagutu nahi izan zuen. Amets hori ''errealitate bihurtu'' zela, baina, aldi berean, bere aita ''hil egin'' zuela azaldu du Eulalia Lluchek. ETAk treguaren bat iragartzen zuen bakoitzean aita poztu egiten zela gogoratu du alabak, eta berak ere berria poztasunez hartu zuela gogora ekarri du. ''Jakitea falta zaidan gauza da armak zein egunetan entregatuko dituzten'', esan du. ''Bazekien hil egingo zutela, eraila izan baino urtebete lehenago eskutitz bat jaso baitzuen. Hala ere, ez zituen bere ohiturak aldatu. Berak esaten zuenez, demokraziaren alde egindako borroka ez zen izan orain beste horiek zer egin behar zuen eta zer ez esan ziezaioten'', azaldu du. Eulalia Lluchen ustez, euskal gizartea ere ETAren biktima izan da, eta ''gehienak pertsona onak dira''.
Diego Salva guardia zibila Mallorcan hil zuen ETAk eta, atentatuaren ondoren, Patxi Lopez orduko lehendakariaren eta Antonio Basagoiti Euskadiko PPko buru ohiaren babesa jaso zuela gogoratu du Antonio Salva haren aitak. "Egungo Jaurlaritzarengandik ez dut ezer jaso, eta nahiaho dut haiengatik deirik ez jasotzea'', esan du. Salvaren aburuz, euskal gizartean ''denak berdin jarraitzen du''. ''Haurrei irakasten zaien gorrotoaren kultura da, espainola den guztiarekiko gorrotoa''. Guardia zibilaren aita hitzetan, ''Batasunako jendea psikiatrarenera joateko moduan'' dago, eta haren ustez ''onartezina'' da Euskadin ''gorrotoaren kultura horrek jarraitzea''.
ETAk jarduera armatua etetearen berria poz handiz hartu zuela gogoratu du Rosa Rodero Joseba Goikoetxea ertzainaren alargunak. "Ziur nago oraingoan serio doala eta gauzak ondo egingo ditugula. Nire senarraren hilketak zerbaitetarako balio izan zuela uste dut: gizartearen parte bat isilik jarraitu ezin genuela ohartarazteko''. Bere senarraren erailketa nola bizi izan zuen kontatu du Roderok '60 minutos' saioko elkarrizketan, eta unea hartan aurrera egiteko ''indarra'' semeak eman ziola aitortu du. ''Arima, bizitza... kendu zidaten... Dena eraman zidaten'', gaineratu du.
Jesus Maria Pedrosa Durango PPko zinegotziaren hilketaren berri ''irratiaz'' izan zuela kontatu du Mari Carmen Hernandez haren alargunak, eta senarrak, aurretik, hainbat mehatxu eta presio jasan zituela ere gogora ekarri du. ''Dianadun pankartak jarri zizkiguten, paketeekin etxera etorri zitzaizkigun... Oso gogorra izan zen'', azpimarratu du Hernandezek. Urteen buruan, ETAko preso batekin elkartu zen alarguna. Presoak ''mundu horretatik irten'' nahi zuela eta ''lorik egiten ez zuela'' aitortu zion, egunero ''biktima buruan duela esnatu eta lotara doalako''. ''Egin duenaz damu da. Besarkada bat eman nion eta egin behar zuena ere esan nion: birgizarteratzen saiatzea'', azaldu du biktimak.