Politika -
Adierazpenak, Radio Euskadi
Batzordeari 'ihes egitea' da PSE eta PPren estrategia, EAJren ustez
Gainera, Egibarren arabera, "astero zenbatzailea zeroan jartzea, azken bi urteetan ezer gertatu ez balitz bezala," ez da euren apustua.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren GBBko presidentearen iritzian, PSE-EEren eta PPren estrategia Bake eta Bizikidetza Lan Batzordeari ihes egitea da, gai honen inguruko iritziak hedabideetan eta Legebiltzarreko osoko saioan azaleraztea nahiago dutelako.
Gainera, Bake eta Bizikidetza Lan Batzordean ez dauden, baina gizartean eztabaida sustatzen duten, alderdiek "oztopatzeko jarrera" hartu dute.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, Legebiltzarreko "gehiengo osoak" bake eta bizikidetzaren gaineko eztabaida lan batzorde batean egitea onartu zuen eta, bide batez, arbuiatu du jeltzaleek "eztabaida hori gauzatzea" ekidin nahi izatea.
Horren ildotik, "astero zenbatzailea zeroan jartzea, azken bi urteetan ezer gertatu ez balitz bezala," ez da egin duten apustua eta "eraginkortasun politikoaren mesedetan", hobe da gai horiek bake lan-batzordean jorratzea.
Bestalde, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, bakearen gaineko eztabaida "foko eta berotik aldendu" behar da, "baina ez takigrafoetatik". Gainera, bere alderdiak, EAJk bezala, lan batzordean aurrera egiteko "behar beste ordezkari" dituela nabarmendu du.
EH Bildu batzordean dagoela, eta "bakearen inguruko edozein forotan" egongo direla, gogorarazi ostean adierazi duenez, "presoen inguruan gertatu diren gauza batzuek, eta Ines del Rioren auziaren gainean Estrasburgok emandako epaiak ere bai, tentsioa eta eztabaida berriro aktibatzeko beharra eragiten diete batzuei".
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaleak, halaber, esan du ez duela EAJren jarrera ulertzen, lan batzordearen alde egiten aldarria terrorismoaren kontrako gaitzespenarekin "bateragarri" egiten duelako.
Laura Garrido PPren bozeramailearen esanetan, EAJk ezker abertzalearen eskakizunei men egin die eta Bakearen Lan-Batzordeak ez du "erabilgarritasunik".
Deslegitimazio mozioa
PSE-EEk eta PPk aurreko ostegunean aurkeztutako mozioaren bozketan EAJk izandako jarrera kritikatu dute; EAJk ez zuen aldeko botoa eman PSE-EEk, PPk eta UPyDk terrorismoa deslegitimatzeko egindako mozioaren bozketan.
Laura Garridok deitoratu du EAJk bat ez egitea eta, adierazi duenez, ez du ulertzen zergatik jeltzaleek ez duten bat egin "terrorista bat txalotzen duten kontrako" mozioan.