Politika -
Eusko Legebiltzarra
Bake lantaldearen aldeko zuzenketa onartu dute EAJk eta EH Bilduk
Bi alderdiek errefusatu egin dute ETAri zilegitasuna kentzea eskatzen zuen PPren mozioa, eta gai hauek bake eta bizikidetza lantaldean eztabaidatzea eskatzen zuena onartu dute.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak errefusatu egin du ETAri "zilegitasuna kentzeko" PPk, PSE-EEk eta UPyDk adostutako testua, eta tankera horretako gaiak Bake eta Bizikidetza Lantaldean eztabaidatzea eskatu du.
Hain zuzen ere, EAJk eta EH Bilduk bozkatu dute testuaren aurka, eta, horren ordez, jeltzaleek aurkeztutako zuzenketa onartu dute. Bakeari eta bizikidetzari buruzko gaiak "zeregin horretarako Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldean" eztabaidatu behar direla aldarrikatzen du EAJren emendakinak.
Saioan, ETAri zilegitasuna kentzea helburu zuen testuaren alde egitea eskatu diote PSE-EEk, PPk eta UPyDk EAJri, eta jeltzaleek eta abertzaleek ekimen horrekin "zarata egitea" bilatzea egotzi diete popularrei.
Gaur egun, Bake eta Bizikidetza Lantaldea geldirik dago, PPk, PSE-EEk eta UpyDk uko egin baitiote parte hartzeari, EH Bilduk azken legegintzaldian adostutako "zoru etikoa" errefusatu duelako.
Taldeen adierazpenak
Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak ETAri zilegitasuna kentzeko eztabaida lantaldean "isilarazi" nahi izatea egotzi dio EAJri, "Euskadin gertatu denaren errealitateari aurre ez egiteko". Hori horrela, "gaiaren mamiarekin" arazoak dituztela esan die jeltzaleei.
EAJtik, Joseba Egibar bozeramaileak PPren aurka egin du, gai hau lantaldean eztabaidatzeari uko egiteagatik. Horren esanetan, lantaldearen lana "isilpekoa eta sekretua" delako nahiago izan du PPk eztabaida osoko bilkurara eramatea, "zarata egiteko eta titularrak lortzeko".
Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkidea ere iritzi berekoa da, eta PPren helburua "zarata egitea eta blokeo politikoa agerian uztea" izan dela adierazi du. "PP eskuinean dauden sektoreekin dituen arazoak konpontzen saiatu da, Legebiltzarraz baliatuta", gaineratu du.
Rodolfo Ares PSE-EEko legebiltzarkidearen esanetan, bizikidetza ez da bateragarria "Sorturen eta Batasunaren iragan beltzaren justifikazioarekin". Dena dela, aitortu egin du gaur bozkatu duten gaia hainbatetan eztabaidatu izan dutela Legebiltzarrean.
Azkenik, Gorka Maneiro UPyDko parlamentaria ez da bete-betean ados agertu PPrekin eta PSE-EErekin hitzartutako testuarekin, "irmoagoa" izan behar zukeelako, baina bertan jaso dituzten "gauza asko" "edozeinek sinatuko lituzkeen printzipio demokratikoak" direlako erabaki du babestea.