Politika -
Bakegintza eta bizikidetza
Axun Lasa: 'Horren zaila al da guztiok barkamena eskatzea?'
Axun Lasa eta Patxi Elola Zarauzko zinegotzi sozialistak Bilbon egindako jardunaldi batean izan dira, ETAren eta GALen biktimek Glencreen (Irlanda) izan zituzten bileren bizipenak azaltzeko.
Erredakzioa
Axun Lasa (GALek hil zuen Joxean Lasaren arreba) minduta agertu da ETAk jarduera armatua betirako utzi zuela bi urte igaro direnean agintari politikoak bakeari buruzko plan adosteko gai izan ez direlako. "Horren zaila al da guztiok barkamena eskatzea?", galdetu du.
Axun Lasak eta Patxi Elolak (ETAren helburu izan zen Zarauzko zinegotzi sozialista) hitzaldi bat eskaini dute gaur goizean Bilbon, ETAren eta GALen biktimek 2007 eta 2012 urteen artean Glencreen (Irlanda) izan zituzten bileren inguruko xehetasunak azaltzeko.
Lasak azaldu duenez, "mintegi horietara joateko prest agertu nintzen, biktima guztiak min handia dugula adierazteko eta guztion mina errekonozitu behar dela azpimarratzeko, nahita eragindako mina izan delako".
Bere iritzian, indarkeria mota ezberdinak ez dira bereizi behar. "Estatuaren aparatuek eta ETAk hainbat eta hainbat hildako eragin dituzte", gogoratu du.
"Min handia egin zaigun pertsonak gara eta egia, justizia eta ordaina behar ditugu", erantsi du.
"Gizartearen zati handi batengandik minduta sentitzen naiz, nire oinazea ulertzen ez dutelako. Nire anaia bahitu eta kare bizian lurperatu zuten. Ni neu torturatua izan nintzen eta nire mina ez da aintzat hartzen. ETAren edo Estatu indarkeriaren zenbat biktima gara minduta gaudenak gure oinazea aintzat hartu ez delako? Alde batek batzuen mina aitortzen du; eta beste aldeak, besteena...", adierazi du.
Jarraian ondoko galdera egin du: "Horren zaila al da sufrimendu asko eragin dela aitortzea? Horren zaila al da ez dakit zeren izenean egindako hainbeste izugarrikeriaren aurrean barkamena eskatzea? Eta mundu guztiarengana ari naiz zuzentzen...".
"ETAren biktima guztiei bihotzez adierazi nahi diet sentitzen dudala, beraiengana hurbildu ez nintzelako, beraientzat mingarriak ziren ekitaldietan parte hartu nuelako", onartu du Joxean Lasaren arrebak.
Patxi Elola: "Elkarrekin hitzegitea eta jarrerak hurbiltzea ona da"
Bestalde, Patxi Elolak esan du hasiera batean ez zuela Glencreeko mintegietan parte hartu nahi izan, "baina gerora konbentzitu egin ninduten eta ohartu nintzen sentimendu asko konpartitzen ditugula; niretzako esperientzia onuragarria izan da".
"Agerian geratu zen biktima guztiak berdinak garela eta minak elkartu gaituela", erantsi du.
Gauzak horrela, Elolak ondorioztatu du "elkarrekin hitzegitea eta jarrerak hurbiltzea" ona dela. "Elkarrekin esertzen bagara, azkenean hurbildu egingo gara", esan du.
Nolanahi ere, denbora beharrezkoa dela gaineratu du. "Hemen ez da datarik jarri behar, krisiaren amaierari datarik jarri ezin zaion bezala; bizikidetza egunez egun landu behar da", azpimarratu du.