Politika -

Lasa eta Zabala

Francisco Etxeberria: 'Oso tortura odoltsua izan zen, oso basatia'

Francisco Etxeberria gorpuak identifikatu zituen mediku ospetsuak '60 Minutos' saioan esan duenez, "Lasa eta Zabala zein egoera larrian utzi zituzten ikusita, hiltzea erabaki zuten".

Francisco Etxeberria auztegi medikua. Argazkia: EiTB.
Francisco Etxeberria auztegi medikua. Argazkia: EiTB.
Francisco Etxeberria: 'Oso tortura odoltsuak izan ziren, oso basatiak'

1:02

N. V. | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Garciak arrastoan jarrita, Francisco Etxeberria izan zen Alacanteko gorpuak Joxean Lasa eta Joxi Zabalarenak zirela identifikatzeko arduraduna. "Zerraldoak zabaldu nituen eta bi eskeleto zeuden bertan, ehun bigun batzuk lehortuta, momifikatuta, neurri batean; karea, lurra eta beste ere bazeuden, noski. Berehala, hortz-haginak begiratu nituen, eta eurak izan zitezkeela konturatu nintzen", azaldu du.

Gaiak hautsak harrotu ahal zituela jakinik, Etxeberria tentuz aritu zen lanean: "Eurak zirela egiaztatu nuenean, hunkituta, argazkiak eta bideo batzuk hartzea erabaki nuen. Banekien aferak soka luzea ekarriko zuela, eta, hain zuzen ere, egiten ari nintzen horrekin babestu behar nuen neure burua.

Gorpuen egoerari buruz adituak esan duenez, "oso tortura odoltsua jasan zuten, oso mingarria eta basatia, eta azkenean, horien egoera ikusita, hiltzea erabaki zuten, oso lesio larriak baitzituzten. Ez dugu ahaztu behar garai hartan jendea bahitu eta lau egun geroago agertzen zela, hematomak, erredurak eta beste zituztela. Batzuetan, gauza horiek ahaztu egiten dira".

Joxean Lasa eta Joxi Zabala mugaren bestaldera ihes egin zuten ETAko kideak 1983an bahitu zituzten, eta gero torturatu eta hil zituzten. 2000. urtean, 365 urteko kartzela zigorra ezarri zieten guztira Julen Elgorriaga, Enrique Rodriguez Galindo, Angel Vaquero, Enrique Dorado eta Felipe Bayori, erantzule gisa. Gaur egun, bostetako bat ere ez dago kartzelatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika ETA gaur Eguneko albisteak Albisteak Euskal Herria torturen ikerketen albisteak Terrorismoaren Biktimak Erailketak albisteak GAL