Politika -
Arabar herritarren foroa
Presoen eskubideen aldeko foro berria sortu dute Araban
Joseba Azkarragak, Julio Herrerok, Jose Angel Cuerdak, Toti Martinez de Lezeak, Juanito Oiarzabalek eta Mikel Urdangarinek sinatu dute besteak beste agiria.
Erredakzioa
Presoen eskubideen alde arituko den talde berri bat eratu da Araban. Arabako gizarte, politika eta kultura arloko pertsonek osatzen dute foro berria. Presoen eskubideen alde egiteaz gain, biktima guztien “sufrimendua” onartzeko beharra ere azpimarratu dute.
“Pertsona presoen giza eskubideak aitortzearen aldeko Arabar herritarren foroa” eta oinarrizko dokumentuaren aurkezpena egin dute gaur Gasteizen. Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako sailburu ordeak eta EAko buruzagi ohiak irakurri du adierazpena.
EAJ-PNV, Bildu, Amaiur eta EAko kideek eta kultura, kirola, kazetaritza edota sindikalgintzako pertsona ezberdinek bat egin dute agiriarekin.
Presoen, batez ere gaixotasun larriak dituzten presoen, eskubideen urratzea gaitzetsi du agiriak. Sakabanatze politika ere kritikatu du eta “familientzako zigor gehitu bat” dela dio.
“Espetxe politika integratzaile eta mendekaria ez dena” eskatu dute, eta “politika gaietatik haratago, pertsona guztien, baita euskal presoena ere, giza eskubideak defendatzea”.
ETAk orain bi urte armak utziko zituela iragarri ondoren, egun bake prozesuak bizi duen “erabateko geldiaraztea” kritikatu du Azkarragak. Espainiako Gobernuari “pausoak emateko” eskatu dio, “beste aldeak egin duen moduan”, gaineratu du.
“Memoriak, justiziak eta biktimen aitorpenak izan behar dute Euskadin bakea eta elkarbizitza eraikitzeko oinarri nagusiak”, adierazi du Azkarragak. “Memoriak eta egindako minaren aitorpenak, ordea, ez du selektiboa izan behar”, amaitu du.
Ondorengoek sinatu dute besteak beste agiria: Julio Herrero Arabako diputatu ohi sozialista, Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohia, Toti Martinez de Lezea idazlea, Juanito Oiarzabal eta Iker eta Eneko Pou mendizaleak eta Mikel Urdangarin, Bigen Mendizabal eta Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba musikariak.