Politika -

Erreferendumaren ostean

Igeldo herri izendatzea erabaki du Gipuzkoako Aldundiak

Donostiatik bereizi eta Gipuzkoako 89. herri bihurtzea onartu du Martin Garitano buru duen Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Igeldo. Argazkia: EiTB
Igeldo.
Igeldo udalerri izendatu du Gipuzkoako Aldundiak

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldo Donostiatik bereiztea eta herri izendatzea erabaki du gaur.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak jakitera eman duenez, Igeldo lurralde historikoko "89. udalerria izango da gaurtik aurrera". "Gipuzkoako udalerrien sarean ongietorria ematen diogu Igeldori", gaineratu du ahaldun nagusiak.

Ahaldun nagusiak azaldu duenez, gaur bildu da Gipuzkoako foru Aldundiko Gobernu Kontseilua, eta bilera horretan onartu dute Igeldo herri izendatzea. Neurria bihar jarriko da abian.

Era berean, Garitanok esan du 2010eko dekretu bat bertan behera utzi dutela "Igeldori independente izatea galarazten zioten baldintzak inposatzen zituelako".

Horren harira, ahaldun nagusiak gogorarazi du azaroko kontsultan "herritarren gehiengoak bereiztearen alde" bozkatu zuela, eta Aldundiaren erabakia "herritarren borondateari" erantzuteko izan omen da.

Garbiñe Errekondo Presidentzia diputatuak, bere aldetik, azpimarratu du Igeldo "independente izateko baldintza guztiak" betetzen direla. Hurrengo udal-hauteskundeetara arte "udalerri berriaren kudeaketa koordinatzeko" batzorde bat sortuko dutela iragarri du Errekondok.

Igeldoren mugak gaur egungoak izango dira, eta batzorde kudeatzaile batek gobernatuko du herria hurrengo udal-hauteskundeak egin arte. Udalerri berria zerbitzu guztiak emateko gai izan arte, Donostiako Udalak bermatuko dizkie igeldotarrei oinarrizko zerbitzuak, ordain ekonomiko baten truke.

Diru bilketaz ere arduratuko da oraingoz Donostiako Udala, eta laguntza tekniko eta juridiko emango dio urtebetez Igeldoko batzorde kudeatzaileari.

Arbitraje batzorde bat ere sortuko da, Igeldo eta Donostia artean sor litezkeen auziak konpontzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia argazkiak Gipuzkoako albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak