Politika -

Heriotza

Senide eta lagunek azken agurra eman diote Lentxu Rubiali

Derioko hilerrian omenaldia egin diote eguerdian, eta bertan izan dira PSE-EEko buruzagi nagusiak, tartean, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares. PSOEko buruzagi historikoaren alaba larunbatean hil zen.

Lentxu Rubiali Derion egin dioten omenaldia. Argazkia: EiTB
Lentxu Rubiali Derion egin dioten omenaldia. Argazkia: EiTB
Lentxu Rubiali Derion egin dioten omenaldia. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lentxu Rubial PSOEko senatari ohiari gaur eguerdian eman diote azken agurra Derioko hilerrian.Bertan bildu dira PSE-EEko buruzagi nagusiak, tartean, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares.

Derioko hilerrian egindako ekitaldi batean Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak gogora ekarri duenez, Rubial alderdiaren "esentziaren oinordeko" izan zen eta ETAren "berun garaian, mehatxuak eta erasoak" jasan zituzten herriko etxe guztietan "umiltasunez eta duintasunez" jardun zuen.

PSE-EEren buruzagi nagusiak izan dira Derioko ekitaldian, eta Lopezez gain, Begoña Gil, Jose Antonio Pasor, Isabel Celaa eta Mikel Torres izan dira bertan.

Ekitaldia Frank Sinatraren 'My Way' abestiarekin amaitu da, Ramon Rubialen alaba zenaren gustukoena zelako.

Biografia

Ramon Rubial PSOEko buruzagi historiakoaren eta autonomia aurreko Euskadiko lehen lehendakariaren alaba, Lentxu Rubial, atzo hil zen Bilboko ospitale batean. Erandioan jaioa, 68 urte zituen eta minbizia zuen.

Rubial militante sozialista zen eta Ramon Rubial Fundazioaren presidentea ere bazen.

2008 eta 2011 bitartean PSOEko senataria izan zen eta Lan eta Immigrazio batzordeko presidentea izan zen. Azken urteetan, Ramon Rubial Fundazioan ari zen lanean buru belarri.

PSE-EE alderdiak atzo adierazi zuenez, "familia sozialistarentzat, egun tristea da gaurkoa". "Guztiok maite genuen Lentxu, eta lotura handia zuen Alderdi Sozialistarekin. Frankismoaren aurka eta demokraziaren alde borroka egin zuen, eta hura gabe, ezingo genuke gure egungo askatasunen sistema ulertu", adierazi zuten sozialistek.

Bilbon, atzo ezarritako hil kaperan izan zen PSE-EEko ordezkaritza zabala familiari doluminak emateko, tartean Patxi Lopez lehendakari izandakoa. Halaber, bertan izan ziren Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea