Politika -
Gasteiz
Aste honetan abiaraziko du EAJk 'Estatus Berria'ren izapidea
Jeltzaleek EAEko autogobernuaren inguruko eztabaida zabalduko duen egitasmoa aurkeztuko dute. Aurrikusi dutenez, urtebete igaro beharko da testua prest egoteko.
Erredakzioa
Estatus Politiko Berriaren txostenak aste honetan hasiko du bere bidea Eusko Legebiltzarrean, EAJk egitasmoaren aurkezpena egingo baitu eta horrek EAEko autogobernuaren inguruko eztabaida zabalduko du Legebiltzarreko taldeen artean.
EAJtik jakinarazi dutenez, Andoni Ortuzar EBBren presidentea bera Legebiltzarrera joango da EAJk egitasmoa erregistratzen duenean bertan egoteko.
Alabaina, erregistroa txosten honen lehenengo urratsa besterik ez da izango; egitasmoaren bidez, EAEko autogobernu maila aztertuko dute eta eguneratzeko oinarriak ezarriko ditu, taldeen arteko adostasuna lortuta.
Eztabaidan Legebiltzarreko talde guztiek parte hartuko dute, hau da, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyD alderdiek eta, eztabaidaren ondoren, eman beharreko pausoak eta epeak zehaztuko dituzte.
Aurrikusi dutenez, urtarrilaren azkenera arte edo otsailaren hasierara arte ez dira elkartuko, eta ez dute espero estatus berriaren testua urtebete baino gutxiagoan prest izatea.
EAJren arabera, 2015 edo 2016rako, udal eta foru hauteskundeen ostean, eta orokorrak baino lehen, euskal gizarteak estatus berriaren gainean iritzia eman ahal izango du, geroago, Espainiako Gorteetara bidaltzeko.
Horretarako, legea jarraituta emango dituzte urratsak eta "itun" bat ere lortzea espero dute, Gorteek oniritzia eman diezaioten, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria sustatutako Estatus Politiko Berriarekin gertatutakoa berriro ez gertatzeko, Kongresuan atzera bota baitzuten.