Politika -
Euskadi-Nafarroa gatazka
EAk bide judizialera joko du Nafarroan EiTBren digitalizazioa lortzeko
Pello Urizar idazkari orokorrak EAJren "adore falta" azpimarratu du, Nafarroan euskal telebista publikoaren digitalizazioa ahalbidetzeko gailuak gelditu baititu.
Erredakzioa
Pello Urizar Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari orokorrak gaur iragarri duenez, EAk bide judizialera joko du Nafarroan EiTBren seinalea digitalizatzea lortzeko. Modu horretara, "arautegia eta Nafarroako biztanleriaren gehiengoaren nahia" betetzeko eskatuko du Urizarren alderdiak.
Abenduaren 12an, Iñigo Urkullu lehendakariak bertan behera utzi behar izan zuen digitalizazioa. Izan ere, Yolanda Barcina (UPN) Nafarroako presidenteak prozesua legez kanpokoa zela eta horren arabera jokatuko zuela adierazi zuen.
Arazoa konpontzeko, bi gobernuek lan batzorde bat sortu zutela iragarri zuten.
Gasteizen gaur eskaini duen prentsaurrekoan, Urizarrek batzorde hori herritarrentzat "iraingarria" dela adierazi du, haren ustez, UPNk ez baitu "akordiorako borondaterik".
"Barcinaren Gobernuaren portaerak agerian uzten du demokrazia arazo larri bat dagoela. Ez ditu gustatzen ez zaizkion arauak betetzen, eta Nafarroako Parlamentuaren gehiengoaren eskaerei ere ez die kasurik egiten".
Urizarrek EAJren "adore falta" azpimarratu du. Idazkari orokorraren aburuz, Nafarroan euskal telebista publikoaren digitalizazioa ahalbidetzeko gailuak gelditzean, Urkulluk "herritarren itxaropenei huts egin die". Horrela, gainera, "Barcinaren jokaera antidemokratikoa" babestu duela deritzo Urizarrek.
Maiorga Ramirez Nafarroako Parlamentuko EAko bozeramaileak esan duenez, beharrezkoa da Nafarroan EiTBren seinale digitala jasotzea: "euskarazko telebista lortzeko modu bakarra da, eta seinale hori jasotzeak legearen babes zabala du".
Estatuko Ikus-Entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak telebista autonomiko bat beste autonomia batean ikustea babesten du, eta Hizkuntza Gutxituen Gutun Europarrarekin batera, EiTBk Nafarroan emititzea ahalbidetzen du. EA alderdiak helegitearen oinarri gisa bi arau horiek erabiliko dituela azaldu du.