Politika -
EPPKren oharra
PP: 'ETA atzo baino ahulago dago, eta demokrazia indartsuago'
EPPKren komunikatuak Espainiako Gobernuaren terrorismoaren kontrako estrategia "zuzena" dela baieztatu du, Iñaki Oyarzabal Euskadiko popularren buruzagiaren arabera.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuaren terrorismoaren kontrako estrategia "norabide onean" dagoela baieztatzen du EPPKren komunikatuak, Iñaki Oyarzabal Euskadiko popularren idazkari nagusiaren arabera.
"Ez diegu ezer eskertu behar begien bistakoa dena aitortzeagatik", nabarmendu du Oyarzabalek PPren Madrilgo egoitza nagusian.
Horren ustez, Espainiako Gobernuaren "irmotasun politika" emaitzak ematen ari da, eta "hasitako bidea indartzen du". Gaineratu duenez, atzoko komunikatuak popularrei arrazoia ematen die Gobernuari mugitzeko eskatzen zioten horien aurrean.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak legezkotasuna onartzen zuela eta egindako minaren aitortza egin zuen atzoko komunikatuan, eta horren harira PPk kontuan hartuko duela adierazi du. Hala ere, "demokraziaren sendotasuna indartzeko lanean jarraitu behar da".
Sakabanaketa politika ETA desegiten denean soilik amaituko dela nabarmendu du. Halaber, presoek ETArengandik bereizten direnean eta ETA desegiten denean emango zaio amaiera politika horri, "orduan ez baitu sakabanaketak zentzurik izango".