Politika -
Preso ohien ekitaldia
Pedrazek PPri:'Durangoko ekitaldia debekatzea prebarikatzea litzateke'
Auzitegi Nazionaleko epaileak Twitter bidez erantzun die Iñaki Oyarzabalen kritikei. Gogorarazi duenez, epaileak ezin du oinarrizko eskubide bat mugatu "aldeek eskatzen ez badute'.
Erredakzioa
'Parot doktrina' indargabetuta, aske geratu diren presoek Durangon egindako ekitaldia ez debekatzeko bere erabakia defendatu du Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Twitterren, eta horren kontura Iñaki Oyarzabal PPko kideak egindako kritikei erantzun die.
Abuztutik erabili gabe zeukan Twitterreko kontua Santiago Pedrazek, baina atzo Iñaki Oyarzabalek botatakoak erantzuteko modukoak zirela iritzi dio nonbait, epaileak. Hala, gogorarazi duenez, Durangoko ekitaldia debekatuz gero, prebarikatzen ariko litzateke, Zuzenbide Estatuak ez baitu oinarrizko eskubide bat mugatzea baimentzen, 'aldeek eskatzen ez badute'.
Epaileak bere autoan azaldutakoa berretsi du mezuetan. Hau da, Dignidad y Justicia biktimen elkarteak ekitaldia debekatzea eskatu zuen arren, ez zela prozeduran alde gisa aurkeztu.
Hain justu, autoan ere ageri denez, fiskalak terrorismoa goraipatzeko delitua (Zigor Kodearen 578 artikulua) ikusten ez badu, "jarduerak artxibatzea beste aukerarik ez dago", akusaziorik egon ez dagoelako. Kontrakoa egitea prebarikatzea litzateke, Pedrazen esanetan.
Bost txio
Abuztuaren 5etik ez zuen Pedraz epaileak txiorik botatzen, baina Oyarzabalen kritikak entzunda, gauean, bost txio egin zituen Alderdi Popularreko kideari erantzun zuzena eginez eta bere erabakia defendatuz.
Honakoak galdetzen dizkio, besteak beste, Pedrazek Oyarzabali bere mezuetan:
'Ba al dakizu aldeek propio eskatu gabe epaile batek oinarrizko eskubide bat mugatzen badu prebarikatzen arituko litzatekeela?'
'Ba al dakizu biktimen elkartea ez zela prozeduran alde gisa aurkeztu?'
Iñaki Oyarzabalek Twitterren atzo arratsaldean esan zuenez, Alderdi Popularraren ustez Pedrazen erabakia 'ulertezina' da eta 'ETA kide batzuen ekitaldia saihestu beharra dago'.