Politika -
Larunbatean, Bilbon
Kristau komunitateak bat egin du 'Tantaz tanta' ekimenarekin
Herri Elkarte Kristauak, Herria 2000 Eliza kolektiboak eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak presoen sakabanaketa amaitzea aldarrikatu dute.
Erredakzioa
Herri Elkarte Kristauak, Herria 2000 Eliza kolektiboak eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak euskal presoen sakabanaketa amaitzeko eta gaixotasun larriak dituztenak askatzea aldarrikatu dute gaur.
Dozenaka pertsona bildu dira gaur Gasteizen katedral berriaren parean eta Eusko Legebiltzarreraino joan dira gero manifestazioan "Berak nau bidali askatasuna gatibuei hots egitera" lelopean.
Kontzentrazioaren ostean, agiri bat irakurri dute, eta, besteak beste, atxikimendua agertu diote larunbatean Bilbon egingo den "Tantaz tanta" ekimenari, eta Eliza osoari egin diote parte hartzeko deia.
Adierazpenean, hiru kolektiboek egungo kartzela-politika salatu dute, presoen eskubideak "urratzen" dituela iritzita.
Horren harira, "adostasun sozial eta politiko zabala" aldarrikatu dute, presoak "etxera itzuli daitezen, eta gatazkari behin betiko irtenbide demokratikoa emateko". Gainera, "Euskal Herrian eta herrialde guztietan justizia, amnistia, askatasuna, elkarbizitza eta bake politiko eta soziala lortzeko" lan egiteko konpromisoa agertu dute.
Kontzentrazioa ostegunean Bilbon
Bestalde, Tantaz Tanta ekimenak kontzentrazio deitu du ostegun honetarako Bilboko udaletxearen parean, 11:00etan, larunbateko ekimenean parte hartzeko deia egiteko, eta mobilizazioaren inguruko xehetasun batzuk argitzeko.