Politika -

Noos auzia

Castro epaileak Francisco Camps otsailaren 1ean deklaratzeko deitu du

Francisco Camps Valentziako Erkidegoko presidente ohiak idatziz deklaratuko du, lekuko gisa, otsailaren 1ean, 11:00etan, epaileak gaur kaleratu duen auto batean eskatu duenez.

Francisco Camps Valentziako presidente ohiak lekuko gisa deklaratuko du. Argazkia: Efe.
Francisco Camps Valentziako presidente ohiak lekuko gisa deklaratuko du. Argazkia: Efe.
Francisco Camps Valentziako presidente ohiak lekuko gisa deklaratuko du. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Castro Noos instrukzio epaileak Francisco Camps Valentziako Gobernuko presidente ohiak otsailaren 1ean lekuko gisa idatziz deklaratzea eskatu du. Berarekin batera, beste bederatzi lekukok deklaratuko dute, Noos institutuak 2004, 2005 eta 2006. urteetan egin zituen Valencia Summit topaketak antolatzeko lanen nondik norakoak argitze aldera. Institutuak 3,6 milioi euro publiko jaso zituen topaketok antolatzeagatik, eta auzi honetan horiek zertara bideratu ziren ikertzen ari dira.

Castro epailearen autoan, beste hamaika pertsona deitu dituzte Valentziako Justiziaren Hirian deklaratzera: Estatuko Kontu-hartzailetza Nagusiko bi funtzionariok urtarrilaren 31an egingo dute, Valencia Summit dela eta egindako irregulartasunen inguruko txosten baten nondik norakoak azal ditzaten; otsailaren 1ean, Campsena ez ezik, Valentziako sozietate publikoetako bederatzi goi kargudun eta zuzendariren txanda ere izango da.

Campsek epailearen eta, prozesu honetan alderdi bezala agertzen direnez gero, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren eta Manos Limpiasen galderei erantzun beharko die, Palmako 3 zenbakiko Epaitegiko idazkaria bertan dela.

Epaileak ezin izan zion Campsi deklaraziorik hartu joan den azaroaren 16an Valentziako epaitegietan, ez baitzuten aurkitu, baina orain Noos Institutuak eta Valentziako erakundeek sinatu zituzten kontratuei buruz zer dakien galdetuko dio.

Deklarazioa Valentziako Consell Juridic Consultiuren bulego batean edo lekukoak nahi duen beste egoitza ofizial batean egingo da, eta Campsek ezin izango du beste inoren laguntzarik izan eta ezingo da inorekin harremanetan jarri.

Auzian, Noos Institutuari, Iñaki Urdangarin eta Diego Torres presidenten zituen erakundeari, Valentzian 2004 eta 2006 urteen artean turismo eta kirolari buruzko hiru bilera egitearren 3,1 milioi euro ekarri zizkieten kontratuak ikertzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea