Politika -

Bake eta Elkarbizitza plana

Bake prozesua Hegoafrikakoaren eta Irlandakoaren pare, adituen ustez

Bake eta Elkarbizitza Plana aztertu duten nazioarteko adituen arabera, antzekotasunak daude Euskal Herriko bake prozesuaren eta arrakasta izan duten beste batzuen artean.

Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitza idazkaria. Argazkia: Efe
Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitza idazkaria.
Bake planari bultzada eman diote AEBtako hainbat adituk

1:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bake eta Elkarbizitza Plana aztertu duten nazioarteko adituen arabera, antzekotasunak daude Euskal Herriko bake prozesuaren eta arrakasta izan duten beste batzuen artean. Besteak beste, Ipar Irlandakoa eta Hegoafrikakoa aipatu dituzte adituek.

Ondorio horretara iritsi dira AEBetako lau unibertsitatetako hamaika aditu, Jaurlaritzaren Bake eta Elkarbizitza Idazkaritzak plana aztertzeko eskatu ostean.

Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitza idazkariak eman du ikerketaren berri, eta baikor agertu da ondorio horrekin, "gatazken konponbidean eta bake prozesuetan nazioarte mailan prestigio handia duen talde batek" egin duelako.

Fernandezek Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiei helarazi die txostena, azter dezaten.

Bakea, betiko

Aditu taldearen (Andrea Bartoli eta Borislava Manojlovic Seton Hall unibertsitateko irakasleak ditu zuzendari) arabera, "planaren ezaugarri nagusia prozesua irekia izatea eta joera politiko desberdinen adiskidetzea jomugan jartzea da".

Gainera, "euskal bake prozesuaren izaera bateratzailea" txalotu dute, "bakarra" delako munduan, eta "arrakasta izan duten beste prozesu batzuen pare" kokatzen duelako. Horren harira, Hegoafrikako eta Ipar Irlandako prozesuekin dauden antzekotasunak azpimarratu dituzte.

Halaber, proiektuaren helburuen artean "bakea betiko" izan dadila jartzea goraipatu dute. Horretarako, "indarkeria berriro itzul ez dadin", oso garrantzitsutzat jo dute bake planean ekarpenak egiteko aukera "prozesuaren parte izan diren guztiek" izatea.

Aholkuak

Aholkuen artean, irakasleek "mekanismo" bat eskatu dute "indarkeria itzultzeko dagoen arriskua kontrolatzeko", eta "biktimen lekukotzak entzuteko eremu seguru bat sortzea" proposatu dute.

Tortura

Planak torturen inguruan aurreikusten duen "ikerketa zientifikoa" dela eta, adituek adierazi dute "oso garrantzitsua" dela hori, praktika hori "atzematen lagunduko duelako" eta "hori publiko egiteak sistema demokratikoa indartzen duelako".

Bestalde, ETAko presoak gizarteratzeko egitasmoa "argitu" beharra dagoela uste dute adituek.

Epe luzeegia

Giza-eskubideen urraketen txostenaren harira, unibertsitateko irakasleek uste dute 1960 eta 2013 arteko epea luzeegia dela lan hori egiteko "alde interesatuen kopuru handiagatik".

Dena den, txostena "ezinbestekoa" dela adierazi dute, baina "datu fidagarriak eta informazio partzialak saihestea nola lortuko den argitu" beharra dagoela azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea