Politika -
Polizia-operazioa
Mendia: 'Donostiako adierazpenak ez du PSEren jarrera jasotzen'
Donostiako Bozeramaileen Batzordeak EPPK-ko abokatuen atxiloketak gaitzesteko adostutako adierazpenak "zinegotzien jarrera politikoa" jasotzen duela agertu du PSEren bozeramaileak, "ez alderdiarena".
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEren bozeramailearen esanetan, atzokoan Donostiako Udalean bere alderdiak dituen zinegotziek atxiloketen kontra babestu zuten adierazpenak "zinegotzien jarrera politikoa" jasotzen du, "ez PSErena". Hala, PSE-EEko kideek EAJkoekin eta Bildukoekin adostutako testutik urrundu da Mendia.
Bilbon eskainitako prentsaurreko batean azaldu duenez, "une honetan demokratak batuta egon behar gara, erantzukizunez lan egin eta irizpide argiekin jardun". Hori horrela, erabaki judizialen aurrean PSE-EEk "errespetua" agertu nahi duela eta "ikerketak operazioa justifikatuta egon dela frogatzea" espero duela gaineratu du.
Halaber, Barne Ministerioak atxiloketa gauzatu baino lehen haren berri ematea "justifikatu ezinezkoa" dela iritzi dio Mendiak. Hanka-sartze horrek "arriskuan jarri ditu bilatzen ziren frogak" eta euskal gizartearen "mesfidantza areagotu du". Izan ere, horren ustez, "operazioan bestelako arrazoiak egon litezkeela pentsatzeko aukera eman dezake".