Politika -
Bake prozesua
LABek 'akordiorako bidea' egiteko deia egin die eragile guztiei
Etxaideren ustez "premiazkoa" da "presoen gaiari" irtenbidea ematea, eta 2014a "sakabanaketaren amaieraren urtea" izango dela espero du.
Erredakzioa
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak uste du Bilboko manifestazioak agerian utzi duela "bakerako bidea egiteko masa soziala" badagoela; hori dela eta, eragile politiko, sindikal eta sozialei "akordiorako bidea" egiteko eta "prozesua indartzeko konpromisoak" hartzeko deia egin die.
Etxaidek prentsaurrekoa eman du Donostian Jabi Garnika idazkari nagusiordearekin batera, eta "zortzi militante politiko gehiagoren" espetxeratzea gaitzetsi du, EPPKren bitartekariei erreferentzia eginez.
Haren esanetan, kartzelatzea "Estatuaren erantzun errepresiboa" da, presoen kolektiboak "preso politikoen gaiari irtenbide bideragarria emateko ekarpen errealari" aurre egiteko.
"Konpromisoak hartzen direnean, ziklo politiko berri bat irekitzeko urratsak egiten direnean, Estatua aurreko zikloan ikusten dugu, politika berarekin, eta bere helburua da ezer aldatu ez den itxura egitea, bere politikak aldatu beharrik ez izateko", kritikatu du Etxaidek.
LABen buruzagiak azpimarratu du kartzela-politikak "min handia" eragin bai, baina "porrot" egin duela, "ez baitu presoen kolektiboa zatitu" eta "presoei izaera politikoa ematen dielako, nahiz eta Estatuak ukatu".
Politika horren ondorioz, "euskal gizartearen zati handi bat presoen eskubideak defendatzeko konpromisoa hartzera bultzatu" du, "kartzelara eraman dituen arrazoiekin bat egin gabe ere", gaineratu du LAB sindikatuaren buruak.
Hori horrela, Etxaidek uste du euskal gizarteak Espainiako Estatuaren jarrera gainditu nahi duela, eta bat egin du Etxeraten helburuarekin, 2014a "sakabanaketa amaituko den urtea" izango dela, alegia.