Politika -

Polemika Nafarroan

Barne Ministerioak onartu du ikerketa egin dela, baina ez hezkuntzan

Jorge Fernandezen Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak defendatu dutenez, Guardia Zibilaren txostena ez da hezkuntzari buruzkoa, baizik eta "ETAren inguruari" buruzkoa.

D ereduaren alde Iruñean egin zuten manifestazioa. Argazkia: EFE
D ereduaren alde Iruñean egin zuten manifestazioa. Argazkia: EFE
D ereduko irakasleei buruzko txostenik ez dagoela dio Fernandez Diazek

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Barne Ministerioak azaldu duenez, Guardia Zibilak ez du Nafarroako hezkuntza sistemari buruzko txostenik egin. Hori izan da Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak irakasleei "etazaleak" izatea leporatzen zien informazioari buruz egindako galderari Jorge Fernandez Diazen sailak eman dion erantzuna. Orain, txostena izan badagoela esan du Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak EITBri egindako adierazpenetan, ez dela espreski Nafarroako irakaskuntzaz egindakoa, segurtasunari buruzko txostena litzateke D ereduko irakasleak ikertu dituena.

Nafarroako oposizioko alderdien ustez, erantzunak ez du zalantzarik argitzen. Sozialistek Foru Gobernuari zuhurragoa izateko eskatu diote eta Bilduk Yolanda Barcina presidentearen eta kontseilarien dimisioa eskatu du.

"Argitu behar da Guardia Zibilak ez duela Nafarroako hezkuntzari buruzko ikerketarik egin", jasotzen du Iñurrituri erantzuten dion lau lerro besterik ez dituen dokumentuak. Halaber, oroitarazi dio segurtasun indarren informazioak konfidentzialak direla.

Nafarroako Gobernuak onartu zuen txosten horren existentzia. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak berak aitortu zuen txostena ikusi izana.

Horrez gain, "ikerketak ez du hezkuntza izaerarik; segurtasuna bermatzea beste asmorik ez du", azaldu zuen Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea