Politika -
Nafarroako hezkuntzan polemika
D ereduaren aldeko manifestazio jendetsua egin dute Iruñeko kaleetan
Hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek deitu dute, ''Hizkuntzan kolore guztiak'' lelopean.
Erredakzioa
Nafarroako hezkuntzako D ereduaren defentsan manifestazioa egin dute asteazken honetan Iruñeko kaleetan. Antolatzaileen arabera 15.000 lagunek hartu dute parte martxan eta esparru honetan Nafarroan egin izan den handienetakoa izan dela azpimarratu dute. Udaltzaingoaren arabera, 8.000 pertsona izan dira protestan, eta Polizia Nazionalaren arabera, berriz, 2.000.
Besteak beste, LAB, ELA eta STEE-EILAS sindikatuek eta Sortzen elkarteak eta Ikasle Abertzaleak antolakundeak egin dute protesta deialdia, ''Manipulazioari ez. Hizkuntzan kolore guztiak'' lelopean. Hala, hizkuntzak kolore guztiak behar dituela aldarrikatu nahi izan dute.
Bertan izan dira, besteak beste, Iñaki Perurena harrijasotzailea, Patxi Puñal, Oier Sanjurjo, Asier Riesgo eta Eneko Satrustegi futbol jokalariak eta Enrique Villarreal abeslaria.
Antoniutti parkean abiatu da martxa, eta Sarasate pasealekuan bukatu da. ''Aurrera D eredua'', ''euskera guztiona da'', ''manipulazioarik ez'' eta ''utzi irakasleei lan egiten'' aldarrikapenak entzun dira martxan zehar, eta Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen eta Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren dimisioa eskatu dute. Ibilbidean zehar, koloretako puxikak ere izan dira ikusgai.