Politika -
Bilera, Madrilen
Erreformen bideari eutsiko diola ziurtatuko dio Rajoyk Barrosori
Gai ordenan jasota ez dagoen arren, baliteke Katalunian abian dagoen prozesua mahai gainera ateratzea. Barrosok asteon esan duenez, 'independentzia lortuz gero, Katalunia EBtik kanpo geratuko da'.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako presidentea Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko buruarekin bilduko da gaur eguerdian. Gai ordenan jasota dagoenez, hitzorduko punturik garrantzitsuena Espainiako egoera ekonomikoa izango da. Gobernu espainiarreko iturriek jakinarazi dutenez, "legealdia hasi zenetik ezarri diren erreformek ekonomian eman dituzten emaitzen berri" emango dio Rajoyk Durao Barrosori. Horren haritik, Espainiak orain arteko bideari eutsiko diola eta "erreformak" ez dituela alde batera utziko ziurtatuko dio Espainiako Gobernuaren buruak Europako Batzordeko presidenteari.
Aste honetan bertan, Yusten (Extremadura) egin dute topo bi agintariok, Karlos V.a saria eman baitzioten atzo, osteguna, Portugalgo lehen ministro ohiari. Gaur, Madrilen bilduko dira Rajoy eta Durao Barroso, Moncloa Jauregian. Bileraren ondotik, Espainiako hainbat ministrorekin batuko da Durao Barroso, bazkari-bilera batean. Besteak beste, hauek izango dira bertan: Luis de Guindos Ekonomia ministroa, Cristobal Montoro Ogasun ministroa, Fatima Bañez Lan ministroa eta Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri eta Kooperazio ministroa. Bazkalostean, berriz, Juan Carlos I.a erregearekin du hitzordua Barrosok.
Espainiako Gobernutik aurreratu dutenez, Rajoyk mezu nagusi bat helaraziko dio Durao Barrosori. "Legealdiaren erdira heltzear daudenean, Espainiaren berpizte ekonomikorako oinarriak ezarrita" daudela esango dio. Barack Obama AEBko presidentearekin izan berri duen bileran esandakoa berretsiko du gaurko agerraldian Rajoyk. Obamari esan zionez, "erreskateaz, jada, ez da hitzik ere egiten, eta arrisku saria jaitsi egin da". "Langabeziari aurre egitea helburu" hartuta, "enpleguaren sorrera bermatuko duten erreformak" ezartzeko bideari eutsiko diola azpimarratuko dio Rajoyk Durao Barrosori. Asteon, krisiari aurre egiteko Espainiak hartutako neurriak "txalotu" ditu Durao Barrosok, bide onetik doazela iritzita. Kataluniako eztabaida
Gai ordenan jasota ez dagoen arren, baliteke Katalunian abian dagoen prozesua mahai gainera ateratzea bi aldeetako batek. Behin baino gehiagotan eman du bere iritzia Durao Barrosok gai honen inguruan; azkenengoz, aste honetan bertan. Kataluniak independentzia lortuz gero, Europako Batasunetik kanpo geratuko litzakeela esan du. "Estatu berri bat izango litzateke, dudarik gabe, baina Europar Batasunean sartu nahi izatera, eskaria egin beharko luke, eta Batasuneko gainerako herrialdeek kide berria onartu egin beharko lukete", esan zuen Durao Barrosok TVEn.