Politika -
Noos auzia
Infantak tratu berezia izatearen alde egin du zenbait epailek
Francisco de Vitoria elkartearen ustez, segurtasun neurriengatik eta Errege Familiako kidea izateagatik izan beharko luke tratu desberdin hori epaitegietara heltzean.
Erredakzioa
Francisco de Vitoria epaileen elkartearen ustez (karrera judizialeko bigarren handiena da), "logikoa" izango litzateke Cristina infantak "tratu desberdina" izatea otsailaren 8an, Noos auziarengatik deklaratzera Palmako epaitegira heltzean. Haien iritziz, segurtasun neurriengatik eta Errege Familiako kidea izateagatik izan beharko luke tratu desberdin hori.
"Infantaren 'aurkepen-paseoarena' ez da garrantzitsua; garrantzia duena da epaitegiaren barnean edozein hiritarrek tratu berdina izan behar duela, ez epaitegitik kanpo"; horrela azaldu dio Marcelino Sexmero epaileak Eferi elkartearen iritzia (bozeramailea da bera). Sexmeroren ustez, "epaitegitik kanpo, gizarteak berak eta iritzi publikoak tratatzen ditu era desberdin batean hiritarrak, ez epaileak edo epaitegiak; horiek beti berdin tratatzen dituzte guztiak".
"Interesgarria dena -esan du- ez da edozein hiritarra epaitegira nola sartzen den, baizik eta barruan gainerakoak bezala tratatua den ala ez; egoeraren arabera, baliteke hiritar bat desberdin izatea sartzeko unean".
Edozeinek du epaileak bere irudian babesteko eskubidea
Gainera, Sexmeroren ustez, edozein hiritarrak du epaileak bere irudian babesteko eskubidea, eskarnio publikoa edo lintxamendua saihesteko, "eta hori ez infanta edo politikari bat izateagatik; edozeinek du eskubide hori".
Francisco de Vitoria Castro epailearen alde atera berri da, infanta berriro inputatzeagatik erasoak pairatu dituenean. Elkarteak presioak Fiskaltzatik etortzea salatu du, bere betebeharra legalitasunaren defentsa dela kontuan izanik.