Politika -
Auzitegi Nazionala
Fiskalak dio inkomunikazioan egindako aitorpenak ez direla froga
Hala ere, Segiko kide direlakoan epaitzen ari direnak zigortzeko nahikoa froga badituztela adierazi du.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko fiskalaren ustez, atxilotuek inkomunikatuta daudenean egiten dituzten aitorpenak ezin dira froga gisa erabili auzipetuen kontra, baina Segiko kide direlakoan epaitzen ari diren gazteak zigortzeko nahikoa froga badituztela adierazi du, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
40 gazte independentistaren kontrako epaiketa urriaren 14an hasi zen, eta aste honetan bertan amaituko dela espero dute.
Segiko kide aktibo izan zirelakoan, 20rentzat, behintzat, seina urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak. Hori bai, aitortu du komisarian inkomunikazio aldian hartu zizkieten deklarazioek ez dutela bere horretan froga gisa balio, eta inkomunikazio aldi hartan gazteek salatu zituzten tortura kasuetan ez dela ikerketa eraginkorrik egin.
Hala ere, fiskalak miaketetan atzemandako agirietan oinarritu du seina urteko espetxe-zigorra eskatzeko akusazioa. Bihar jarraituko du berak ondorioak azaltzen, eta herri akusazioa den Dignidad y Justicia elkartearen txanda ere izango da gaurkoa.