Politika -

Segi

Herri Harresiko 16 kidek guztira 6.300 euroko isuna jaso dute

Auzitegi Nazionalak beste lau pertsona deitu ditu, "terrorismoa goratzea" leporatuta.

Luis Goñiren atxiloketa ekiditeko giza harresia osatu zuten Iruñan. EFE
Luis Goñiren atxiloketa ekiditeko giza harresia osatu zuten Iruñan.
Luis Goñiren atxiloketa ekiditeko giza harresia osatu zuten Iruñan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herri Harresia mugimenduko hamasei kideri guztira 6.300 euroko isuna ezarri diete, Segiko kideen atxiloketa ekiditen saiatzeagatik. Gainera, beste lau pertsonak epailearen aurrean agertu beharko dute, "terrorismoa goratzea" egotzita.

Auzitegi Nazionalak deitu die lau pertsona horiei; bik idatzi bat irakurri zuten, eta beste bik Luis Goñiren eta Xabier Xagardoyren argazkiak eraman zituzten bi horiek atxilotu ostean eskaini zuten prentsaurreko batean. Sei urteko kartzela zigorra jaso zuten Goñik eta Xagardoyk, Segiko kide izateagatik.

Akusatuek astelehenean Nafarroako Auzitegi Probintzialera joan beharko dute, Ikaskun Arraizak eta Maritxu Bolinagak prentsaurreko batean azaldu dutenez. Haiek idatzi bat irakurri dute, antolatzeko eta manifestatzeko eskubideak delitu bihurtu izana salatuz.

Isunei dagokienez, prentsaurrekoak egiteagatik 300 euroko bost eta 600 euroko beste bost zigor jaso dituztela adierazi dute; lehenengoan, ekitaldi bat antolatu zuten, eta bigarrengoan, Auzitegi Gorenak Segiren aurka emandako epaia salatu zuten. Gainera, "kontzentrazio ilegal" bategatik 300 euroko isun bat eta "manifestazio ilegala" egiteagatik 300 euroko bost isun jaso izana aitortu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea