Politika -

Barne krisia PP-n

Quiroga: 'PPtik norbait joaten bada, badu ordezkoa'

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak Gobernu zentralaren babes oso helarazi dio EAEko PPren buruari.

Quiroga Saenz de Santamaria agurtzen. Argazkia: Efe
Quiroga Saenz de Santamaria agurtzen.
Quiroga: 'Garrantzitsuena PPren barruan erreleboa dagoela da'

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga PPren EAEko presidenteak azkenaldian alderdi barruan izaten ari den zatiketa izan du hizpide, eta "norbait PPtik joaten bada" ez dituela berekin "baloreak eramaten" eta baduela "ordezkoa" azpimarratu du.

"Batzuk joan egiten dira eta beste batzuk jarraitu egiten dugu. Batzuetan bazaude, eta beste batzuetan ez, baina ez da ezer gertatzen. Bizi legea da", adierazi du Alejo Vidal-Quadrasek Voxera joateko eta Jaime Mayor Orejak zerrendaburu ez izateko hartutako erabakien harira.

Quirogak Bilbon egin ditu adierazpenok, Forum Nueva Economiak antolatutako hitzaldi batean, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidentea aldamenean zuela.

Batasuna, ETA desegiteko

PPren EAEko presidenteak ETA "baldintzarik gabe betiko desegin dadin" PPk, EAJk eta PSE-EEk elkar hartuta jokatzea proposatu du.

ETA desegitea helburu osatu nahi duen talde horretarako, gainerako alderdiei egingo dien eskakizun nagusia "Euskadiren interesak defendatzeko Euskadirekiko konpromisoa" izatea omen da.

Quirogak ohartarazi duenez, ETAk armak utzi ondoren, egoera "paradoxikoa" sor daiteke; izan ere, "Euskadiri min gehien egin diotenak izan daitezke azkenean ETAren amaierari errentagarritasun handiena atera ahal diotenak".

Hori dela eta, "EAJ, PSE-EE eta PP alderdi demokratikoen batasuna" aldarrikatu du, "lidergoa hartu eta ETA baldintzarik gabe desegin dadila lortzeko". "Horrek izan behar du lehentasuna", Quirogaren arabera.

Espainiako Gobernuaren babesa

Bestalde, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteak Mariano Rajoyren Gobernuaren babes osoa eta Estatuko PPko kide "askoren bultzada" helarazi dio Arantza Quiroga buru duen EAEko PPren proiektu politikoari.

Saenz de Santamaria Forum Europak antolatutako hitzaldian azaldu duenez, "Espainiako Gobernuaren terrorismoaren kontrako politikari esker, ETA inoiz baino okerrago dago", eta 2012tik 96 kide atxilotu dituztela nabarmendu du.

Horren esanetan, Estatua "sendotasunez" ari da ETA garaitzen; horregatik, Arantza Quirogak ordezkatzen duen proiektu politikoa "inoiz baino garrantzitsuagoa da".

Espainiako Gobernuko presidenteordearen arabera, Quirogak 90eko hamarkadan PPn afiliatzeko zituen "ideia eta proiektu berdinak defendatzen ditu orain", askatasunaren eta demokraziaren alde "alderdikide askok bizitza emanez defendatu dituztenak". "Baina ez zuten beren ahotsa isilarazi, ez orduan, ez orain, haien lanari esker entzuten baita orain orduan ere arrazoia zutenen ahotsa", azpimarratu du presidenteorde espainiarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea