Politika -
'Closer' aldizkariko argazkiak
Hollanderekin harremana argitaratu zuen aldizkaria salatu du Gayetek
Closer aldizkariak argazkiak argitaratu zituen urtarrilaren 17an, ustezko amodioaren berri eman eta astebete geroago.
Erredakzioa
Julie Gayet aktoreak Closer aldizkariaren aurkako salaketa penala aurkeztu du, aurretik zibila aurkeztu ostean, Le Monde egunkariak gaur jakinarazi duenez. Francois Hollande Frantziako presidentearekin izan zuen ustezko amodioa jakitera eman zuen aldizkariak.
Gayetek bigarren salaketa hau Nanterreko auzitegian aurkeztu du. Closer aldizkariak argazkiak argitaratu zituen urtarrilaren 17an, ustezko amodioaren berri eman eta astebete geroago.
Argazkietan Gayet bere autoan agertzen da, "toki pribatu" batean, aktorearen abokatuen arabera. Jurisprudentziak arrazoia ematen dio Gayeti, Le Monde-k ziurtatu duenez.
"Leku pribatu batean dagoenaren" kontrako intimitatearen aurkako erasoak urtebeteko espetxe-zigorrarekin eta 45.000 euroko isunarekin zigortzen ditu Frantziako Zigor Kodeak.
Martxoaren 6an bista izango dute aldeek. Horrela, salaketa penala zibilarekin batera aurkeztu du aktoreak.
Urtarrilaren 10ean argitaratutako argazkietan aktorea eta presidentea bakoitza bere aldetik agertzen ziren etxe baten aurrean, Eliseo jauregiaren alboan. Etxe horretan ustez harremanak zituzten.
Frantziako Kode Zibilak "bizitza pribatuarekiko errespetu eskubidea" babesten du. Horregatik, Gayeten abokatuek 50.000 euroko kalte-ordaina eskatzen diote Closer aldizkariari.