Politika -

Nafarroako Parlamentua

Nafarroako Gobernuak irrati lizentziak ez ditu 'nahierara' esleituko

Lizentzien banaketa baliogabetu du Gorenak, eta Exekutiboak sententzia bete behar du. "Hanka-sartze gehiago" eragozteko lizentzietaz "arduratzea" eskatu dio Euskalerria Irratiak Parlamentuari.

Nafarroako Parlamentua. Artxiboko irudia: EFE
Nafarroako Parlamentua. Artxiboko irudia: EFE
Nafarroako Parlamentua. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak "arduraz, gardentasunez eta legalitatea errespetatuz" ekin eta Auzitegi Gorenaren epaia obedituko duela esan du. 2006an egindako irrati lizentzien esleipena bertan behera utzi du Gorenak. Hala ere, irrati lizentziak "nahierara" esleituko ez dituela ohartarazi du Exekutiboak, nahiz eta Bilduk hala eskatu.

Ezkerrak Juan Luis Sanchez de Muniain Kultura kontseilariari azalpenak eskatu dizkio Parlamentuan. Radio Universidad eta Net 21 irratiei lizentziak eman zizkien Nafarroako Gobernuak, baina behin behineko esleipena baliogabetu du Auzitegi Gorenak. Prozesua atzera eramateko agindua eman du Gorenak. Euskalerria Irratia puntuazio onena zuen unera atzera egiteko agindua eman du Auzitegiak; izan ere, irrati horrek ez zuen lizentziarik lortu.

Kontseilariak gaur ziurtatu duenez, prozedurak "berme guztiak" izango ditu, "sententzia osoa betetzea" Administrazioaren "betebeharra" delako.

Hala ere, epaia betetzeko prozesua luzatu daitekeela ohartarazi du Sanchez de Muniainek, azterketa juridiko "konplexu eta zehatza" egin behar dutelako; izan ere, sektoreak "180 graduko norabide aldaketa" eman du azken 15 urteetan. "Dena begiratzea garrantzitsua da sententzia beteko dela ziurtatzeko, zalantzarik ez izateko", erantsi du.

"Hanka-sartzeak"

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren "hanka-sartze gehiago" eragozteko eta "prozedura luzeegi honi amaiera emateko" irrati lizentzien esleipenaz "arduratzea" eskatu diote Euskalerria Irratiko ordezkariek Parlamentuari.

Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariaren hitzetan, Exekutiboak "oker ekin duela onartu eta gertatutakoa zuzendu behar du". "Gobernuak sententziak bete behar ditu", gaineratu du Parlamentuan. Bilduk eta Aralar-NaBaik Bujandaren agerraldia eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea