Politika -
Osoko bilkura
Arkaitz Bellonen heriotza Espainiako Gobernuari egotzi dio Amaiurrek
Amaiurreko diputatuek kartelak erakutsi dituzte, besteak beste, "Euskal preso eta iheslariak etxera" eta "Arkaitz Bellon. Hilik. Gobernua, erantzule" esaldiekin.
Erredakzioa
Amaiurreko bost diputatuk Arkaitz Bellon presoaren heriotzaren inguruko kartelak erakutsi dituzte gaur Kongresuko osoko bilkuran. Horrez gain, euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea eskatzen zuen beste bat erakutsi dute. Besteak beste, "Euskal preso eta iheslariak etxera" eta "Arkaitz Bellon. Hilik. Gobernua, erantzule" esaldiak irakur zitezkeen kartel horietan.
Jesus Posada Kongresuko presidenteak pankartak gordetzeko eskatu die berehala, baina Amaiurreko diputatuek protestarekin jarraitzea erabaki dute. Segundo batzuk geroago, bigarrenez egin die eskaera Posadak, kartelak gorde ezean aretotik egotziko zituztela ohartarazita.
Bigarren abisua jaso ondoren, Amaiurreko ordezkariek kartelak gorde dituzte, eta bilkura normaltasunez jarraitu dute.