Politika -
Auto baten bidez
ETAk genozidioa egin duen ikertzeko eskumena du Auzitegi Nazionalak
Auto baten bitartez, ETAk 1977. urtetik aurrera egindako eta preskribatuta dauden krimenak ikertzeko ateak irekiko ditu Auzitegi Nazionalak.
Erredakzioa
ETAk Estatuan genozidio ekintzak egin zituen ikertzeko eskumena duela onartu du gaur Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.
Urtarrilaren 29an igorritako auto horren bidez, ETAk 1977. urtetik aurrera egindako eta preskribatuta dauden krimenak ikertzeko ateak ireki ditzake Auzitegi Nazionalak.
Preskribatuta dauden hilketa horietako biktima baten semeak aurkeztutako salaketaren ondorioz etorri da Auzitegi Nazionalaren erabakia. Salaketa hura ETAko bost buruzagiren aurka jarri zuen Luis Manuel Uriartek, ETAk 1979ko abenduan hildako Luis Manuek Uriarteren semeak: Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, "Txikierdi"; Eugenio Etxebeste,"Antxon"; José Luis Ansola, "Peio el Viejo"; Francisco Múgica Garmendia, "Pakito" eta Josu Urrutikoetxea, "Josu Ternera". Bostetatik bat espetxean dago oraindik.
Salaketan, Nurenbergeko epaiketetako doktrina ezartzea eskatzen dute (nazien buruzagien aurkako epaiketak egin zituzten bertan).
Hasiera batean, Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 3. Epaitegi Zentraleko epaileak salaketa ez tramitatzea erabaki zuen. Orduan, Zigor Arloko Salaren aurrean apelazio helegitea aurkeztea erabaki zuten.
1.200 orrialdetik gorako salaketa Miguel Angel Rodriguez Arias adituak idatzi zuen, Dignidad y Justicia elkarteko ordezkarien laguntzarekin. Hemendik aurrerako erabakiak sekretupean gordetzeko eskatu diote epaileari.
Estatuan egindako genozidioak ikertzeko eskumena lehen aldiz onartu du auzitegi horrek.
Autoa jaso ondoren, Javier Gomez Bermudez epaileak Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari ETA sortu zenetik izan dituen “helburuen” inguruko txostenak eta buruzagitzan egon diren pertsonen izenak eskatu dizkie.
Erabaki horretan, epaileak ez du argitu salaketa tramitatzea onartuko duen, baina Segurtasun Indarrei “informazio” txostenak eskatu dizkio, beste erabaki batzuk hartu aurretik.