Politika -
Bakea Euskadin
Segurtasun indarrek ETAren desagertzea burutuko dutela dio Gobernuak
"Ez gaude bake prozesu baten aurrean, banda terrorista baten disoluzio prozesu baten aurrean baino'', esan du Barne ministroak.
Erredakzioa
ETAk armak entregatu eta desagertzea erabaki bitartean, segurtasun indarrek desagertze hori burutuko dutela ohartarazi du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak astelehen honetan. "Ez gaude bake prozesu baten aurrean, banda terrorista baten disoluzio prozesu baten aurrean baino'', esan du.
''Armak entregatu eta desager daitezela; agerikoa dena egin bitartean ETAk erakunde terrorista izaten jarraitzen du'', adierazi du ministroak. Zuzenbide Estatua etenda ez dagoela azpimarratu du eta, beraz, Poliziak eta Guardia Zibilak ''jardunean'' jarraitzen dutela azaldu du, ETAko kideak ''aurkitzen, atxilotzen eta Justiziaren aurrera eramaten''.
Halaber, berretsi egin du Gobernua ez dagoela prest ''eszenifikazio eta antzezpenekin'' bat egiteko, joan den ostiralean nazioarteko egiaztatzaileek egindako adierazpenari aipamen eginda. Ministroaren hitzetan, ''disoluzio prozesua'' izan behar du, ''ez bakea prozesua, ez baita gerrarik egon''.
''Argi gera dadila: zuloen eta armen geolokalizazioa ematen badigute, Poliziak eta Guardia Zibilak egiaztatuko dute armak entregatu ote dituzten; ez dezatela kezkarik izan'', adierazi du ministroak. ''Ez dute egiaztatzailerik behar'', gaineratu du. ''Ez zuten egiaztatzailerik behar izan armak lortu zituztenean, eta ez ziren egiaztatzaileak izan ETA garaitu zutenak'', esan du.