Politika -

Diputatuen Kongresua

Krisi ekonomikoa, Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren ardatz

Espainiako Gobernuko presidenteak susperraldi ekonomikoan zentratu nahiko du hitzaldia, eta horrek oposizioaren kritikak eragingo ditu. Abortuaren Legea eta Katalunia, beste gai nagusiak.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, Kongresuan. Argazkia: Efe
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, Kongresuan.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, Kongresuan. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuaren egoerari buruzko eztabaida hasiko da gaur eguerdian Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Legegintzaldiko bigarren eztabaida izango da, Frankismoa amaitu zenetik 24.a, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak susperraldi ekonomikoan zentratu nahiko du bere hitzaldia.

Hala ere, ez da Kongresuko hitzordu garrantzitsu honetako gai bakarra izango. Izan ere, Katalunia, Abortu Legearen erreforma, Ceutako tragedia eta ETAren desarmatzea ere izango dira Rajoy eta oposizioko ordezkariak aurrez aurre jarriko dituen beste gai nagusiak.

Espainiako gobernuburuaren hitzaldia eguerdian hasiko da. Ondoren, arratsaldeko lauretan berrekingo diote saioari, oposizioko taldeen hitzaldiekin, ordezkari gehien dituztenetatik hasita.

Eztabaidak bihar izango du jarraipena, gaur hitz egin ez duten alderdiekin, eta ostegunean bozkatuko dituzte taldeek aurkeztutako ebazpen proposamenak.

Amaiurrek bake prozesuan inplikatzea eskatuko du

Xabier Mikel Errekondo Amaiurren bozeramaileak atzo iragarri zuenez, bake prozesuan "duen ardura bere gain hartzeko" eta "gerra estrategiak atzean uzteko" eskatuko dio Rajoyri.

Errekondok azpimarratu zuen "ETAk ekarpen handia" egin diola bake prozesuari "armak erabili ezinik uzteko hartutako erabakiarekin".

Koalizio abertzalearen bozeramaileak uste du Rajoyk hizpide izango duela gaia bere hitzaldian, eta "desarmatzean aurrera egiteko pausoak emateko konpromisoa" agertzea espero du.

EAJk, eskumenak eta azpiegiturak

Aitor Esteban EAJren bozeramaileak, berriz, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzarekin eta jeltzaleekin duen lankidetzarako borondatearen "termometro" gisa hartuko du gaur hasiko den eztabaida.

Prentsa-agiri baten bidez azaldu duenez, EAEren eskumenak errespetatzea eta abiadura handiko trenari buruzko erabakiak hartzea eskatuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea